Katalunia

Puigdemonten irudi bat tirokatu eta erre dute Andaluziako herri batean

Egindakoa "gorroto delitua" izan dela salatu du Junts per Catalunyak, eta auzitara joko duela iragarri du. Herriko alkateak "normaltzat" jo du gertatutakoa, eta adierazi du "gaizkia" irudikatu nahi izan dutela irudiarekin.

2019ko apirilaren 22a
08:41
Entzun

Jai polemikoa egin dute asteburuan Coripen (Andaluzia, Espainia). Carles Puigdemont buruzagi subiranistaren itxurako panpina bat eraman dute kalez kale, herritarren irainen artean, eta, ondoren, horma batetik zintzilikatu, erre eta tirokatu egin dute. Sareetan zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Udaltzaingoaren ibilgailu batetik ateratzen dute bizkarrean Kataluniako bandera lotua duen panpina.

Generalitateko presidenteak, Quim Torrak, iragarri du auzitara joko dutela. Junts per Catalunya alderdiak, berriz, gorroto delitutzat jo du gertatutakoa, eta salaketa aurkezteko asmoa azaldu du.

Puigdemontek berak ere gaitzetsi du gertatutakoa, eta ohartarazi du halako ekintzek indarkeria bultzatzen dutela. Salatu du, halaber, herriko agintarien onespenarekin egindako ekintza izan dela. "Ez da gutxiengo baten ekintza izan. Ekitaldi ofizial bat izan da. Herriko agintari sozialistek onartutako eta udaltzaingoaren parte hartzearekin egindakoa", salatu du buruzagi independentistak.

"Adierazpen askatasunaren baitan", kitikak onartzearen aldekoa ere badela nabarmendu du Puigdemontek, baina ohartarazi du Andaluzian gertatuakok ez direla onargarri. "Duintasunik gabeko ekintza bat izan da, gorrotoa zabaltzea helburu duena eta gizarte zibilizatu batekin bat ez datorrena. Nire konpromisoak demokrazia, independentzia eta askatasuna dira, eta horiek ez dute merezi inor fusilatu edo erretzerik; ez, behintzat, gizarte zibilizatu batean".

Nazioarteko gaitzespenak

Sostengu mezu ugari jaso ditu Puigdemontek sare sozialetan, besteak beste, Gilles Simeoni Korsikako presidentearena eta Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidentearena.

"Berezia da demokrazia hau, zeinak erbestera edo kartzelara zigortzen dituen erreferenduma antolatzen duten hautetsi eta herritarrak, eta babesten dituen presidente baten irudia tirokatzeko erabiltzen diren balak banatzen dituzten poliziak", idatzi du Simeonik bere Twitterreko kontuan.

Aldiz, gertatutakoa "normaltzat" jo du Coripeko alkate Antonio Perez sozialistak. Komunikabideek egindako galderei erantzunez esan du, panpinak "gaizkia" irudikatzen duela, eta hura dela tirokatzen dutena. "Puigdemont ez da lehena, haren aurretik politikari eta bankari ugari igaro dira hortik, baita arabiarrak ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.