Katalunia

Torrak Europari eskatu dio "gatazka modu demokratikoan" konpontzen laguntzeko

Sant Jordi eguneko mezuan, nazioarteko komunitateari mintzatu zaio Kataluniako Generalitateko presidentea: "Ezin dira onartu epaiketa politikoak"

Torra, joan den astea, JxCat alderdiaren ekitaldi batean. ROBIN TOWNSEND
2019ko apirilaren 23a
07:26
Entzun

"Berriz ere Europari eta nazioarteko komunitateari eskatzen diogu lagundu dezala gatazka hau modu demokratikoan konpontzen". Mezu horixe helarazi du Quim Torra Kataluniako Genaralitateko presidenteak Sant Jordi egunean, katalanez eta ingelesez. Bideo batean zabaldutako mezuan, kartzelan eta ihesean dauden katalanak izan ditu gogoan Torrak: "Ezin dira onartu epaiketa politikoak, demokrazia batek ezin du onartu mehatxuekin eta indarkeriarekin jendearen ahotsa isilaraztea".

Torrak gogora ekarri du bigarren Sant Jordi eguna dela aurtengoa Espainiako Estatuaren "errepresioaren" ondorioz kontseilariak preso eta ihesean dituztena, eta "itzuleraren aldeko borrokara eta askatasunaren garaipenera" deitzeko baliatu du mezua. "Garai zailean" bizi direla aitortu du Generalitateko presidenteak, katalana eta Sant Jordi eguna aldarrikatu ditu "maitasunaren, elkartasunaren eta zibismoaren" adierazpen gisa.

Cuixart: "Irakurtzeak libreago egiten gaitu"

Omnium Cultural elkarteko presidente Jordi Cuixartek ere zabaldu du mezu bat Sant Jordi egunaren harira. Kulturak har dezala dena izenburua jarri dio Madrilgo Soto del Real espetxetik idatzitako gutunari. Espainiako Auzitegi Gorenean pasatuko dute eguna gaur ere, baina Cuixartek azaldu du irakurri ohi dituzten liburuei buruz aritzeko ere baliatzen dituztela batera dauden abaguneak: "Distentsio uneak dira, eta berresten digute gauza bat: irakurtzeak libreago egiten gaitu, baita kartzelan ere". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.