Itsas salbamendua

'Aita Mari' ontzia laguntza humanitarioa ematen hasi da Grezian

Kios eta Lesbos uharteetako 12.000 errefuxiatuen artean ari dira laguntza banatzen. Ez diete baimenik eman Mediterraneoan salbamendu lanak egiteko.

Aita Mari ontzia, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
2019ko apirilaren 23a
17:02
Entzun

Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak jakinarazi duenez, hasi dira laguntza humanitarioa banatzen Greziako Kios eta Lesbos uharteetan dauden 12.000 errefuxiatuen artean. Atzo iritsi zen Lesbosera Aita Mari ontzia, Mediterraneoko uretan ia astebete eman eta Kiosen geldialdi bat egin ondoren. Boluntarioek ohar bidez azaldu dute sendagaiak, higienerako produktuak, mantak eta arropak eraman dituztela ontzian.

Aita Mari ontzia prestatu dutenen helburua, dena den, itsasoan salbamendu lanetan aritzea da. Eta ez dute horretarako baimenik. Itsas Salbamendu Humanitarioa: "Zoritxarrez, duela hiru hilabetetik, Espainiako Gobernua gure ontzia blokeatzen ari da, salbamendu lanik egin ez dezan. Tarte horretan, 250 pertsona baino gehiago hil dira Europara iristeko ahaleginetan". Auzitegietan helegitea aurkeztu du GKEak erabaki horren aurka, baina ez dute erantzunik jaso oraindik. 300.000 eta 901.000 euro arteko isunarekin mehatxatu ditu Madrilek.

Izan ere, "arazoa" Libiako gerran dagoela nabarmendu dute GKEko kideek. "Gaur egun, Tripoliko ateetan dago jada Libiako gerra. Azken albisteen arabera, beren burua kostazain izendatu duten Libiako ontziek, Europaren diruarekin finantzatu eta entrenatutakoek, Italiak emandako patruila ontziak mailukatu dituzte, eta gerrarako erabiltzen ari dira".

Aita Mari-ren egoera berean dago Open Arms ontzia ere. Ostiralean irten ziren Grezia aldera, baina, eguraldi txarraren ondorioz, buelta eman behar izan zuten. Bartzelonako portura iristekoa da gaur arratsaldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.