Sri Lanka

Estatu Islamikoak bere gain hartu du igandeko erasoa

Kolonbo hiriburuan eta beste hiru hiritan egin zituzten atentatuak, eta gutxienez 321 dira hildakoak, gobernuak gaur emandako datuen arabera. 500 lagun baino gehiago zauritu zituzten. Gobernuak Zeelanda Berriko erasoaren "mendekutzat" jo ditu atentatuak.

Herritarrak Kolonboko San Antonio elizaren ondoan, atzo, Poliziak lehergailu bat zartarazi zuenean. M. A. PUSHPA KUMARA / EFE
2019ko apirilaren 23a
07:25
Entzun

EI Estatu Islamikoak aldarrikatu ditu joan den igandean Sri Lankan izandako erasoak, Amaq berri agentziak zabaldu duenez. Gaur jakinarazitako datuen arabera, 321 lagun baino gehiago hil zituzten Kolonbo hiriburuan eta beste hiru hiritan bonba bidez egindako atentatuetan. 500 inguru dira zaurituak. Elizen eta hotelen aurka jo zuten erasotzaileek. "Duela bi egun koalizioko herrialdeetako kristauen aurka egindako erasoren egileak Estatu Islamikoko borrokalariak dira", ziurtatu du EIk ohar batean. Ordu batzuk lehenago, gobernuak Sri Lankako talde bati egotzi dio erasoa, baina gaineratu du "nazioarteko sare" baten laguntza izan dutela.

Igandean gertatu ziren erasoak: zenbait eliza eta hotelen aurka jo zuten erasotzaile suizida batzuek. Gaur Ruwan Wijewardene Estatuko Defentsa idazkari eta gobernuaren bozeramaileak ziurtatu du "mendeku" moduan egin dituztela atentatuak, Zeelanda Berrikoei erantzuteko —50 pertsona hil zituzten martxoaren erdialdean Christchurch hirian, bi meskitari eraso egin ondoren—. "Talde hau ezaguna da National Thowheed Jamath taldearekin harremanak dituelako. Berehala eman behar genituzke pausoak antolakunde hori legez kanpo uzteko". Talde hori "terrorista" izendatzeko ere eskatu du Wijewardenek, eta salatu du ez bera, ez herrialdeko lehen ministroa ez dituztela NBEren Segurtasun Kontseilura deitu 2018ko urritik.

Eraso horien aurka "denek batuta" egon behar dutela nabarmendu du gobernuaren bozeramaileak: "Nazioarteko babesa baliatu behar dugu terrorismoa herrialdetik kanporatzeko. Ez dugu utziko beste 30 urteko gatazka bat hasten".

Etnia eta erlijio askokoa

Sri Lankan gerraz geroztik (1983-2009) egin duten atentaturik handiena izan da. Gerra LTTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreen eta gobernuaren artekoa izan zen. LTTE talde tamil nazionalista sekular bat zen.

Etnia eta erlijio askoko herrialde bat da Sri Lanka. 22 milioi biztanle ditu; %70 inguru budistak dira —estatuaren erlijioa da—, eta gehienak etnia nagusikoak dira, zingalesak. Hinduak %12 dira —gehienak tamilak—; musulmanak, %10 baino gutxiago —mairuak eta malaiarrak nagusiki—; eta kristauak, %7 —budista eta hindu ez diren zingalesak eta tamilak gehienbat—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.