Hondakinak

Gipuzkoa aste honetan hasiko da hondakinak bidaltzen Zubietako TMB plantara

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) batzarrak gaur onartu du kontratua aldatzea eta azpiegitura lehenago martxan jartzea.

Zubietako erraustegia eta TMB plantak, duela gutxiko irudi batean. GORKA RUBIO - FOKU
inaki petxarroman
2019ko apirilaren 23a
07:21
Entzun

Zubietako tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) planta aste honetan hasiko da funtzionatzen, GHK-k berri eman duenez. Kontsortzioaren batzarrak onartu du gaur obra publikoko kontratua berritzea hori bideratzeko, botoen %71,4 alde zituela. GHK-k ohar baten bidez jakinarazi du albistea, eta adierazi du TMB planta martxan jarrita "nabarmen" gutxituko duela herrialdeak zabortegira eramaten duen errefus kopurua. Hala, Bizkaira eramaten den zabor kopurua gutxitu ahal izango duela iragarri du GHK-k, eta 889.761 euro aurreztuko dituela. Aste honetatik hasita, bi hilabeteko probaldia egingo dute TMB plantan, eta, dena kudeatzaileek espero duten bezala joaten bada, uztailaren 3an hasiko litzateke lanean bete-betean.

TMB plantara eramaten dituzten hondakin nahasiak tratatu ostean, material batzuk berreskuratzea lortuko dute. GHK-ren arabera, hain zuzen ere, material horien %8 eta %10 artean birziklatu ahal izango dituzte. Hala, GHKren ustez, epe motzean %60ko birziklatze tasara iritsiko da Gipuzkoa. 2018ko datuen arabera, herrialdearen birziklatze tasa %52 izan zen. Materialak sailkatu eta haietako batzuk berreskuratu ostean, biolehortzea hasten da. 15-20 eguneko lehortze prozesu batean, hondakinen pisua %25 inguru jaisten da. GHK-k aurreikusi du 2019an Gipuzkoak 150.000 tona errefus sortuko dituela. TMBtik pasatu ostean, 105.000 tona inguru geratuko dira Mutiloako zabortegira edo Zabalgarbira eramateko. TMB plantaren ondoan 200.000 tona errausteko ahalmena duen errauste planta bat eraikitzen ari dira.

GHKren arabera, erraustegia eta Zubietako gainerako tratamendu plantak —biometanizatze planta eta errautsak ontzeko plataforma, esate baterako— udazkenean jarriko dituzte martxan. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak esan du "albiste ezin hobea" dela azpiegitura hori martxan jartzea, "amesgaiztoaren bukaera" dakarrelako, eta, horren bidez, Gipuzkoak "berreskuratu" egingo duelako hondakinen kudeaketa "autonomoa". Hain zuzen ere, TMB planta martxan jarrita, 83.600 kilometro gutxiago egingo dituzte hondakinak eramaten dituzten kamioiek, GHK-k jakinarazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.