Lan gatazkak

ELAk Ingemarren Usurbilgo planta ixtearen konplizetzat jo du UGT

Zuzendaritzak 31 langile kaleratu nahi ditu, eta Gipuzkoako lantegia itxi.

Ingemarreko langileek greba mugagbea hasi zuten martxoan. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 24a
15:05
Entzun

Ingemarren Galiziako egoitzan hartu dute erabakia, ELA sindikatuak salatu duenez. Ingemarren zuzendaritzak eta enpresaren Lugoko lantegiko langile batzordeak adostasun bat lortu dute: Usurbilgo (Gipuzkoa) lantegia ixtea eta hango 31 langileak kaleratzea. Zuzendaritzarekin akordioa lortu duten bost ordezkari sindikaletatik hiru UGTkoak dira, eta bi CIGekoak; ez batak ez besteak ez daukate ordezkaritzarik Usurbilgo lantegian.

"UGT izan da, enpresako zuzendaritzarekin batera, Usurbilgo langileak kaleratzeko bultzatzaileetako bat. Eta, zoritxarrez, CIGeko ordezkariek ere akordioa sinatu dute", kritikatu du ELA sindikatuak ohar batean. ELAk berretsi du marmolak prozesatzeko Usurbilgo fabrikak baduela etorkizuna, eta enpresaren "aurrekaririk gabeko xantaia" salatu du: "Kaleratzeengatik kalte-ordainak jaso ahal izateko, langileei eskatu diete hitzemateko ez dutela bide judizialera joko".

ELAk "eskrupulu falta" egotzi dio zuzendaritzari, eta uste du justizia jazarri egin beharko litzaiokeela enpresaren zenbait jarrerari. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Industria sailari ere esku hartzeko eskatu dio Mitxel Lakuntzak zuzendutako sindikatuak: "Horrelako enpresa jardunbideen kontra egin beharko luke langileekin batera, eta esku hartu beharko luke Usurbilgo plantaren etorkizun industriala bermatzeko".

Aspaldiko gatazka

Joan den urtarrilaren 12an sartu zen hartzekodunen konkurtsoan Ingemar, baina arazoak lehenagotik zetozen. Langileek, martxoan, greba mugagabearekin erantzun zioten enpresaren kaleratze espedienteari. Taldeak, gaur egun, 50 milioi euro inguruko zorra dauka, eta ELAk salatu izan duenez, zuzendaritza Usurbilgo marmol fabrika deskapitalizatuz eta lana lekualdatuz joan da 2009ko berregituraketaz geroztik.

Usurbilgo langile guztiak kaleratzeko urtarrilean aurkeztutako lan erregulazio espedientea, hain zuzen, Galizian aurkeztu zuen Ingemarrek. Taldeak Lugora eraman zuen egoitza iaz, Galiziako lantegiaren eta Usurbilgoaren arteko bat egitea bizkortuz, eta erabakigunea Lugora eramanez. 2018 amaierako bat egitetik Grupo Ingemar SL atera zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.