Polizia

Bi ertzain inputatu dituzte Getxoko komisarian andre bati eraso egitea egotzita

El Correo-k zabaldu du berria, bideo batekin batera. Iazko maiatzean izan ziren gertaerak: 42 urteko emakume bat atxilotu zuten, eta hark  poliziek jo egin zutela salatu zuen. Otsailean deklaratu zuten bi ertzainek —gizonezko bat eta emakumezko bat— Getxoko auzitegi batean.

Ertzaintzaren komisaria bat —Sestaokoa (Bizkaia)—, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko apirilaren 24a
07:12
Entzun

Bi ertzain inputatuta daude, ustez, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean 42 urteko andre bat jotzeagatik. Ikertu modura deklaratu zuten joan den otsailean Getxoko 4. instrukzio auzitegian. El Correo egunkariak zabaldu du berria, eta gertaeren bideo bat ere eman du argitara. Emandako informazioaren arabera, ertzain batek muturreko bat eta gutxienez hiru ukabilkada eman zizkion atxilotutako andreari, polizia etxean.


'El Correo'-k zabaldutako bideoaren irudi bat.

Hurrengo egunean, ertzainek salaketa jarri zuten andrearen aurka, lesio delituak eta agintearen aurkako atentatua leporatuta. Emakumeak ere salatu egin zituen ertzainak, eta epaileak haiek deitu ditu deklaratzera, ikertu modura. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du xehetasunik eman, baina ziurtatu du borondatea duela auzia argitzeko.

Iazko maiatzaren 26an jazo ziren gertaerak. El Correo-k berri eman duenez. Ertzaintza eskale bat identifikatzen ari zela, poliziei aurre egin zien andreak, eta atxilotu egin zuten. Inputatutako bi ertzainek eraman zuten komisariara, eta, han, gizonezko ertzainak muturreko bat eta gutxienez hiru ukabilkada jo zizkion andreari, aipatutako informazioaren arabera, emakumeak agenteen aginduak desobeditu ondoren.

Otsailaren amaieran deklaratu zuten bi ertzainek, Getxon. Emakumea kolpatu izana aitortu zuen gizonezko ertzainak; El Correo-ren arabera, emakumezko ertzainaren "segurtasuna kolokan" ikusi zuela argudiatu zuen epaile aurrean, eta ziurtatu zuen atxilotuak eman ziola lehen kolpea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.