Lan osasuna

CAFeko langileek salatu dute amiantoak dagoeneko 37 heriotza eragin dituela lantegian

Apirilaren 30ean omenaldia egingo diete amiantoz hildako lankideei Beasaingo plantan.

Amiantoz hildako CAFeko langileei omenaldia, 2017ko urrian. JON URBE / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 24a
07:18
Entzun

CAFeko langile erretiratu bi —I.S.E. eta A.S.H.— hil berri direla eta, Beasaingo konpainia trengileko langile batzordeak omenaldira eta kontzentraziora deitu du apirilaren 30erako, datorren astearterako, amiantoaren biktimen omenez. CAFen Beasaingo sarrera nagusian amiantoaren biktimen omenez egindako monumentuaren inguruan egingo dute omenaldia, 10:00etatik 11:00etara.

Batzordeak oharrean azaldu duenez, Beasaingo lantegian dagoeneko 37 langile hil dira beraien lanpostuetan amiantoa arnastearen ondorioz. Kopuru hori lan gaixotasunaren errekonozimendu ofiziala jaso dutenei dagokie bakarrik. "Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixoei edo hildakoei eta, ondorioz, baita familiartekoei ere, kalte-ordain edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen baitizkiete", adierazi du langile batzordeak.

Administrazio publikoaren "jarrera itxia" ere salatu dute CAFeko beharginek. "Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio funts baten sorrerari eragozpenak jarri baitizkiete urtez urte. Bide horiek irekiko balituzte eta garrantzia emango balie, biktimek ez lukete auzitara joan beharrik izango", gaineratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.