Maiatzaren Lehena

Grebaren indarra eta langile borroka izango dira ELAren eta LABen ardatzak Maiatzaren Lehenean

Datorren asteazkenean Iruñean, Bilbon eta Baionan egingo dituzte mobilizazioak bi sindikatuek.

LABen mobilizazioa, iaz Baionan, beste sindikatu eta eragile batzuekin batera. ISABELLE MIQUELESTORENA
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 24a
07:01
Entzun

LABek helburu bikoitza jarri dio aurtengo Maiatzaren Lehenari: klase kontzientzia indartzea eta langile borrokari bultzada berri bat ematea. Nafarroako eta Lapurdiko hiriburuetan aterako da kalera LAB. Euskal Herriak du erabakia. Kapitala hautsi, bizitzari eutsi leloa hartuta egingo dute. "Maiatzaren Lehenean LABek erakutsi nahi du gure herrian, Nafarroan, Euskal Herrian, kapitalaren aurrean bizitzaren aldeko apustua egiten dugula", adierazi du gaurko aurkezpenean Maider Jauregi Komunikazio idazkariak.

Klase izaera harrotasunez aldarrikatzearen garrantzia nabarmendu du Jauregik, langileen nazioarteko egunaren «despolitizazio eta folklorizazioaren» aro betean. Karrerak gaineratu duenez, "langile klasea kalean egotek, Maiatzaren Lehena bezalako geun seinalatuan, molestatu egiten du. Sistemak gero eta tresna gehiago ditu eskura: mozal legea, ordenantzak... aldarrikapen sozial eta laneko anitzen presentziak molestatu egiten du. Borroka sindikalak molestatu egiten du".

Bost sektore eta bost zutabe, Iruñean

Baionan sindikatuak eta eragile desberdinak bat eginda mobilizatuko da LAB, iazko ildoan. Iruñean, berriz, egun osoko egitaraua izango du. Mobilizazio nagusia 12:00etako manifestazioa izango da. Gaztelu plazan hasi eta bukatuko da. Mobilizazioak bost zutabe izango dituela zehaztu du Imanol Karrera Nafarroako idazkariak, bost kolektibo horiei dagozkionak.

Azpimarratu dute bost sektore horiek "langile klasearen barruko aktoreak" direla gizarte-aldaketarako prozesu baterako. "Hemen erabaki nahi ditugu gure pentsioak. Hemen erabaki lan harremanak, politika feministak, sektore publikoak izan beharreko eredua, garapen eredua... Guztia erabaki nahi dugu, errepublika sozialista, feminista eta euskalduna sortzeko bidean aurrera egiteko", esan du du Jauregik.

Jauregik gaineratu du faxismoaren gorakadak eta kapitalismoaren garai berri batek markatuta datorrela aurtengo Maiatzaren Lehena. "Inboluzio antidemokratikoa bizi dugu. Inboluzio hirukoitza, batetik, inboluzio soziala, eskubide laboral eta sozialen galera dakarrena. Bigarrenik, inboluzio patriarkala, feminismoaren eta emakumeon eskubideen kontrako oldartze kontserbadorearekin eta hirugarrenik, inboluzio nazionala, birzentralizazioa eta errepresioa, nazio eskubideen kontra".

LABen ospakizunen aurtengo berritasuna Iruñean jarriko duten M1 gunea izango da: "Heldu nahiz haurrentzako egitaraua proposatuko dugu, lagunartean nahiz familia giroan eguna pasa ahal izateko. Redin plazan egongo da eta jan-edanak, musika eta haurrentzako ikuskizun nahiz jolasak izango dira".

ELAk greben indarra defendatuko du

Bizitza da lehena. Gure bizitzak kapitala baino lehen leloa aukeratu du Mitxel Lakuntzak gidatutako sindikatuak aurtengo Maiatzaren Lehena ospatzeko. "Erabat kontrajarrita dauden kontzeptuak dira kapitala eta bizitza, eta bigarrenaren alde egin beharra dago lehenengoari aurre egiteko", argudiatu du sindikatuak ohar batean.

Eta nola defendatu bizitza? "Oinarrizko hiru tresna" aipatu ditu: mobilizazioa, gizarte partaidetza eta greba eskubidea. Garrantzi berezia eman dio sindikatuak greben indarrari. "Aurten, nabarmen ugaldu dira grebak, eta haietako askotan emakumeak izan dira protagonistak. Hori oso albiste ona da, horrela bakarrik hobetu daitezke gure bizi baldintzak, bai lan arlokoak, bai gizarte arlokoak", azaldu du Maiatzaren Lehenerako manifestuan. Borroka antolatuaren bestelako onurak ere nabarmendu ditu: "Borrokak batu egiten gaitu, lagundu egiten digu gure egoeraz jabetzen, eta beldurra eta etsipena eta indibualismoa gainditzen".

ELAk datorren asteazkenean Iruñeko eta Bilboko kaleetan defendatuko du, hain zuzen, zenbat eta greba gehiago egin orduan eta hitzarmen hobeak lortzen direla; "eta gainera, ekarpen txiki bat egiten dugu gizarte hobe baten alde: demokratikoagoa eta berdintsuagoa". Iruñean, 12:00etan abiatuko da manifestazioa, Gurutzeko plazatik, eta Bilbon, 11:45ean, Jesusen Bihotzetik.

Banka eta patronala, "goxo goxo"

Politikaren, ekonomiaren eta lan eta bizi baldintzen arteko erabateko loturaz ohartarazi du sindikatuak. "Eskuin muturrak ildo politikoa markatzen du, eta ezkerra ez da gauza aukerako erreferentziak taxutzeko". Agintekeriaren eta beldurraren kultura nagusitzen ari dela ohartarazi du ELAk, pobreak elkarren aurka jartzen ari direla eta aberastasuna metatzearen kontrako proiektu kolektiboak zapuzten ari direla.

"Euskal Herrian bertan ere banka eta patronala goxo-goxo dabiltza gobernuen, komunikabide nagusien eta klase politikoaren zati handi baten babespean", adierazi du sindikatuak. "Agintekeriaz baliatzen da Eusko Jaurlaritza elkarrizketa sozialeko mahaian, eta gutxieneko zerbitzuen dekretuak erabiltzen ditu grebak indargabetzeko", salatu du. Kritikatu du sindikalismoa "traba gisa" ikusten duela Gasteizko gobernuak. Haatik, ELAren iritziz, "gizarte bat ezin da demokratikoa izan benetako kontrabotererik gabe". 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.