Eskozia

Bigarren erreferendum baterako legea iragarri du Sturgeonek

Eskoziako lehen ministroaren esanetan, Erresuma Batuak Europako Batasuna uzten badu, eskoziarrei aukera eskaini behar zaie brexit-aren eta independentziaren artean erabakitzeko. Erresuma Batuko gobernuaren baimena behar luke erreferenduma egiteko, Eskoziak ez baitu horretarako eskumenik.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa eta Michael Russell idazkaria, atzo, Londresen. ANDY RAIN, EFE.
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2019ko apirilaren 24a
07:01
Entzun

Hurrengo hilabeteetan, brexita-a gauzatu eta Erresuma Batuak EB Europako Batasuna uzten badu, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bigarren erreferendum bat egiteko proposamena aurkeztuko du Eskoziako Parlamentuan. Hala iragarri du, gaur, parlamentuan bertan egin duen hitzaldian. Adierazi duenez, brexit-ak Eskoziari eragingo lizkiokeen "kalteak" kontuan hartuta, ezinbestekoa da eskoziarrei bozkatzeko aukera eskaintzea, EB Europako Batasuna utzi nahi duten ala batasunean herrialde independente gisa jarraitu nahi duten erabaki dezaten.

Sturgeonek adierazi du Erresuma Batuko gobernuak "porrot" egin duela brexit-aren auzian eta "statu quo-a hautsita" dagoela. Ziurtatu du Londres ez dela gai izan Eskoziaren interesak defendatzeko, ezta oposizioko alderdiekin akordioak lortzeko ere. Gogorarazi duenez, brexit-ari buruzko erreferendumean, eskoziarren %62k bozkatu zuen EBn jarraitzearen alde. Erresuma Batuko gobernuari leporatu dio eskoziarren iritzia aintzat hartu ez izana.

EB uzteak Eskoziarentzako ondorio kaltegarriak izango lituzkeela ohartarazi du, bestalde. Sturgeonen esanetan, EBtik irtenez gero, Eskoziak erakargarritasuna galduko du inbertitzaileentzako eta ekonomia moteldu egingo da. Horrez gain, Eskoziak beste herrialdeekin harremanak lantzeko aukera gutxiago izango lukeela adierazi du. Lehen ministroaren iritziz, Erresuma Batua geroz eta baztertuago ari da geratzen nazioartean, eta independentziak Eskoziari aukera emango lioke Europan duen tokia babesteko.

2014an independentziari buruzko erreferenduma egin zenetik izan diren "aldaketa sakonak" kontuan hartuta, independentzia Eskoziarentzat are beharrezkoagoa bihurtu da, Sturgeonen esanetan.

Eskoziaren independentziari buruzko bigarren erreferendum bat egitea interes nazionalekin lotu du Sturgeonek. Independentziaren kontrako parlamentariei adierazi die ez dagoela beraien iritziarekin ados, baina errespetatzen duela beraien jarrera, eta Eskoziak Erresuma Batuan jarraitzeko proposamenak egitera gonbidatu ditu.

Erreferenduma egin ahal izateko, Edinburgok Londresekin negoziatu beharko du, Eskoziak ez baitu erreferendumak antolatzeko eskumenik. Sturgeonek aurreratu du Erresuma Batuko gobernuaren jarrera ezezkoa izango dela. Jarrera hori "jasangaitza" izango dela adierazi du, ordea. Lehen ministroaren esanetan, Eskoziako indarrak bigarren erreferendum bat egitearen alde ados jartzen badira, "Erresuma Batuan ez da gobernurik izango erreferenduma egitea eragozteko gai izango denik".

2014an egin zuten independentziari buruzko lehen erreferenduma Eskozian. Ezezkoa gailendu zen, nahiz eta tarte txikiagatik izan. Bost urte baino ez dira igaro geroztik, baina Erresuma Batuak brexit-aren bidea hartu ondoren, berriz ere herrialdearen etorkizunaz erabakitzeko beharra nabarmendu dute askok. SNPk asteburuan egingo du udaberriko konferentzia —alderdi nazionalistakoa da Sturgeon ere—, eta haren atarian egingo du adierazpena lehen ministroak.

Edinburgoko Akordioen (2012) ondoren iritsi zen 2014ko erreferenduma. Parlamentua 1998an sortu zuten, Eskoziako Legearen bidez, gai batzuen inguruan eskumen legegilea emanez. Ez du, ordea, erreferendumak antolatzeko eskumenik. Beraz, bigarren erreferenduma egiteko, Eskoziako parlamentuak Erresuma Batuari eskatu beharko dio baimena; hain zuzen, 1998ko Legeko 30. Atalean jaso bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.