Enpresak

Petronorrek "urte zaila" espero du 2019rako, errekorrezko 2018aren ondoren

Aurten bi geldialdi egingo ditu Muskizko findegiak, etorkizunerako "makina perfektua" prestatzeko.

Petronorren findegia, Muskizen (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 24a
07:17
Entzun

2018an, Petronorren 50. urteurrenaren urtean, Muskizko (Bizkaia) petrolio findegiak emaitza historikoak lortu zituen salmentetan: 11,9 milioi tona saldu zituen, eta 176,3 milioi euroren irabaziak lortu —2017an baino pixka bat gutxiago—. Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak gaur iragarri du 2019a ez dela izango markak hausteko urtea. "Urte zaila" izango dela azaldu du, konpainiak bi geldialdi programatu dituelako: lehenengoa urtarriletik apirilera bitartekoa izan da, eta hurrengoa maiatzean izango da. Geldialdi horiek eragingo dute aurtengo emaitzak distiratsuak ez izatea, baina Lopez Atxurrak uste du geldialdiek balioko dutela Petronor "makina perfektu" bihurtzeko etorkizunerako eta merkatuan "posizio sendoari eusteko".

Iazko urtea "ona eta gogobetegarria" izan dela esan du presidenteak. Saldutako 11,9 milioi tona horietatik %36 esportatu egin zituen Petronorrek. Halaber, inoizko destilazio bolumenik handiena lortu zuen: 78,7 milioi petrolio upel. Hala ere, zergak ordaindu osteko irabazi garbiak 176,3 milioi eurorenak izan ziren, 2017an baino bi milioi gutxiago.

Iazko emaitzetan eragin zuzena izan du Brent petrolio upelaren gorabeherek. 2018an 85 dolarreraino igo zen upelaren prezioa, baina urtea 50 dolarren bueltan itxi zuen, eta, gaur egun, 65-70 dolarren bitartean dago berriz ere.

Petronorrek azaldu du iaz 826 milioi euroko ekarpena egin ziola Bizkaiko Ogasunari zergen bidez, lurraldeko bilketa osoaren %10,6. Era berean, Bilboko Portuko trafikoaren ia erdia, %47,3 Muskizko findegiaren jarduerak elikatu zuen, 498 itsasontzi mugiaraziz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.