HEZKUNTZA

Konstituzionalak ontzat jo ditu Kataluniako hizkuntza ereduari buruzko artikuluak

Hezkuntza Legeari buruzko sententzia eman du auzitegiak, eta indargabetu egin ditu hamar artikulu, eskumenak urratzen dituztelakoan. PPk jarritako salaketa baten harira iritsi da epaia. Hizkuntzari dagokionez, epaileek diote Generalitatearen eskumena dela hori erabakitzea. Ez du zuzenean ebatzi murgiltze eredu orokortuari buruz.

Auzitegi Konstituzionalaren ataria. Artxiboko irudia. JUANJO MARTIN, EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko apirilaren 25a
19:14
Entzun

Orain hamar urte onartu zuten Kataluniako Hezkuntza Legea parlamentuan, eta PPk helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Besteak beste, murgiltzearekin lotutako artikulu batzuen aurka jo zuen, eta eduki batzuen aurka ere bai, Espainiako legeen aurkakoak direlakoan.

Auzitegiaren epaia aurreratu dute Kataluniako hedabide batzuek. Hein batean, Konstituzionalak babestu egin du PPren helegitea, eta curriculumarekin lotutako puntu batzuk bertan behera utzi ditu; besteak beste, zikloen antolaketari eta irakaskuntza helburuei lotutako artikuluak indargabetu ditu, Espainiako legeak "gainditu" egiten dituztelako edo eskumenak urratzen dituztelako. Adibidez, auzitegiak ohartarazi du estatuari dagokiola "hezkuntza sistemaren oinarrizko helburuak zehaztea", eta ez du bidezkotzat jo Espainiak zehaztutako edukiak "osorik" sartu ez izana Kataluniako legean.

Edukiez aparte, hizkuntzen gaia zen PPren salaketaren muina. Besteak beste, auzitara eraman zituzten katalana ez dakiten ikasleei "arreta pertsonalizatua" emateko artikulua, eskola adinetik kanpo daudenei katalanezko irakaskuntza bermatzekoa, eta katalanari buruzko arauak Generalitatearen eskumentzat jotzeko artikulua. Konstituzionalak ebatzi du Kataluniaren eskumena dela katalanari buruzko araudia egitea.

Murgiltze eredu orokortua lege horren 11. artikuluan dago jasoa —"katalana da, Kataluniako berezko hizkuntza gisa, irakats-hizkuntza gisa erabilitako hizkuntza"—, eta PPk ez zuen zuzenean artikulu horren kontra jo. Horrenbestez, auzitegiak ez du horri buruzko ebazpenik eman.

Gogoan izatekoa da azken urteetan beste bide batzuetatik saiatu dela PP Kataluniako murgiltze ereduaren aurka egiten. Besteak beste, 2013an, LOMCE legean, artikulu bat txertatu zuen: umeak gaztelaniazko ikastetxe pribatuetara bideratzen dituzten familien gastua Generalitateak ordaintzea. Konstituzionalak bertan behera utzi zuen ahalegin hura, Generalitatearen eskumenak urratzea zelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.