Maiatzaren Lehena

LAB eta CGT batera mobilizatuko dira maiatzaren 1ean

LAB eta CGT sindikatuek, Bizik, gazte mugimenduak eta EBAk deialdi bateratua egin dute maiatzaren 1eko Baionako manifestaziorako. Ondoren, elkarteen herrixka antolatuko dute Baionako merkatuan.

jarraia165574.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko apirilaren 25a
07:27
Entzun

Ez ohiko argazkia eskaini dute, gaur goizean Baionan, LAB eta CGT sindikatuek. Maiatzaren 1eko nazioarteko langileen egunerako mobilizazio bateratua deitu dute, Bizi mugimendu altermundialista, gazte mugimendua eta talde feminista ezberdinak batzen dituen EBA Egiazko Berdintasunaren Alde plataformarekin batera. Baionan eginen dute manifestazioa eta ondoren, elkarteen herrixka antolatuko dute merkatuko plazan. Gainerako sindikatu eta eragileei ere dei egin diete, mobilizazioarekin bat egin dezaten.

Sei zutabe izanen ditu mobilizazioak, deitzaileek adostu dituzten aldarrikapenen araberakoak, eta horien ondotik joanen dira sindikatuen ordezkaritzak. Hala, klimaren aldeko borroka, munduko langileriaren defentsa, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen defentsa, gazteriaren prekarietatearen salaketa eta gizon eta emazteen berdintasunaren aldarrikapena izanen dira aurtengo maiatzaren 1eko mobiizazioaren lehen lerroan. "Langileen kontrako erasoak biderkatzen ari dira", EƱaut Aramendi LABeko koordinatzailearen arabera, eta horregatik, "ezinbestekoa da indar guziak batzea". "Pertsona guziek dute lan eta bizi duin bat izateko eskubidea", aldarrikatu du.

Gazte mugimenduaren blokea izanen da aurtengo berezitasunetako bat. Unai Arkauzek ohartarazi du azken hilabeteetan, eremu ezberdinetako gazteak anitz mobilizatzen ari direla, izan ikasle protestetan, klimaren alde, al G7koen gailurraren kontrako mugimenduan. "Gazte guzi horiek saretu eta manifestaziora bideratzea da gure helburua", adierazi du. 10:00etan ezarri dute hitzordua Baiona presondegian. Handik abiatuko da gazteen zutabea, lan burtsatik abiatuko den manifestazio nagusira txertatu aitzin.

Batasuna lehenetsia

Ezin erran LABek eta CGTek azken urteetan harreman biziki onak izan dituztenik. Urteetan, intersindikaletik kanpo utzi dut sindikatu abertzalea eta duela bi urte, enpresa txikietako hauteskundeetara aurkeztu zuen zerrendari helegitea ezarri zion CGTk. Gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, sindikatuaren oinarriak eskatu die elkarlanean aritzeko. "Batasuna lehenetsi dugu. Macronen gobernua biziki bortitz ari da langileriaren kontra, ezinbestekoa da elkarlanean aritu gaitezen. Haserretzen gaituena baztertu eta adostasunak aitzinean eman ditugu", adierazi du Dominique Pons CGTko eledunak. Ildo beretik jo dute LABekoek ere: "sindikatu blokeen eskematik ateratzea lortu dugu. Ez dugu denean bat egiten, baina batera aritzera kondenatuak gara, zatiketak baztertu behar ditugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.