Eskozia

Erresuma Batuko Gobernuak berretsi du ez duela independentziarako erreferendumik onartuko

"Ez dugu froga bakar bat ere ikusten errateko Eskoziako herritarrek 2014an hartu zuten erabakia berrikusi nahi dutela", adierazi du David Lidington gobernuko buruzagiordeak.

David Lidington Erresuma Batuko gobernuko buruzagiordea. ANDY RAIN, EFE
mikel rodriguez
2019ko apirilaren 25a
07:27
Entzun

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak independentziarako bertze erreferendum batetara deitzeko bidea urratzen hasiko direla erran eta biharamunean, Glasgowra joan da Lidington konferentzia batean parte hartzera —Eskoziako hiri handiena da Glasgow—. Sturgeonen asmoaz galdetu diote han. "Orduan [2014an] erran zen erreferendumak belaunaldi baterako konponduko zuela auzia. Ez dugu ikusten 30 sekzioa aktibatzeko eskaririk. Ez dugu ikusten nola lagunduko lukeen Eskoziako eskolen eta ospitaleen arazoak konpontzeko". 30 sekzioa izenekoa Erresuma Batuko Gobernuaren legezko tresna bat da Eskoziako Parlamentuari baimena emateko erreferendum bat antola dezan. 

Erresuma Batuko Gobernuak erantzun apala eman dio Sturgeoni, eta Erresuma Batu osoko hedadura duten hedabide nagusietan ere gaia gaur ez dago titulu nagusietan. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa ez da auziaz mintzatu. Atzo, Sturgeonek agerraldia egin ondoren, David Mundell Eskoziarako ministroak eman zion erantzuna, eta funtsean hark errandakoa errepikatu du gaur Lidington lehen ministroaren kabineteko buruak.

Eskoziak 2014ko irailaren 18an egin zuen independentziari buruzko erreferenduma, eta Erresuma Batuan jarraitzearen aldeko aukerak irabazi zuen, botoen %55ekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.