INGURUMENA

Autobide elektrikoaren kontrako adierazpena sinatu dute 438 udal hautetsik

Red Electrica de Españak aurkeztutako proiektuak "ostrazismora" kondenatuko dituela uste dute eledunek.

Adierazpenaren sinatzaileetako batzuk, Iruñeko Katakrak espazioan. BERRIA
Ion Orzaiz.
2019ko apirilaren 27a
07:58
Entzun

Bitan kale eginda ere, REE Red Electrica de España enpresak ez du amore emateko asmorik. Nafarroa eta Gipuzkoa lotuko dituen goi tentsioko linea eraikitzeko proiektua aurrera eraman nahi du kosta ahala kosta, eta dagoeneko prest du hirugarren proiektuaren zirriborroa. Goi tentsioko lineak 50etik gora udalerriri eraginen lieke, eta udalek iragan hilabetean jaso zuten proposamena, aztertzeko. Azpiegitura horren aurkako adierazpena adostu dute orain Hego Euskal Herriko 438 udal hautetsik; horien artean, 63 alkatek eta 42 kontzejuko presidentek.

Udal eledunen irudiko, «enpresa pribatuek interes orokorraren izenean bultzatutako proiektua» da goi tentsioko linearena, eta «ostrazismora» kondenatuko ditu inguruko herriak: «Gure bailarak ezin dira dorreak jartzeko euskarri fisiko soil bihurtu, azpiegitura hauek eragin jasangaitza baitute ingurumenean, osasunean eta ehun produktiboan».

Adierazpenean irakur daitekeenez, gainera, REE enpresak udaletara igorritako proposamena «aurrekoaren segida» da: «Hirugarren proiektua bat dator, oinarrian, aurrekoarekin». Horregatik, udal eta kontzejuen aldera lerratzeko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari, «multinazional elektrikoen interesen gainetik».

Duela hamar urte aurkeztu zuen REEk lehen proiektua —Gasteiz eta Castejon  arteko linea—, baina bertan behera gelditu zen, herritarren protesten ondorioz. 2011n heldu zen bigarrena, Itsaso eta Deikaztelu artekoa, baina aukera hori ere baztertu zuen enpresak, 250 udaletan aurkako mozioak onartu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.