Hauteskunde gaua, minutuz minutu
EAJk diputatu bat gehiago atera du Bizkaian, hiru denera, eta EH Bilduk beste bat gehiago atera du Gipuzkoan, bi denera. PSNk bigarren atera du Nafarroan. Atzerriko botoek eserleku banaketa baldintzatu dezakete Araban eta Nafarroan.

Odon Elorza
* 18:00etako datuetan, igoera nabarmena izan da parte hartzean. Araban, 3,28 puntu igo da; Bizkaian, 9,19; Gipuzkoan, 10,09; eta Nafarroan, 9,17.
* Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako hilabete falta dela, Espainiako Gorteetarako ordezkariak aukeratu dituzte gaur hego euskal herritarrek. 23 dira Kongresurako ordezkariak.
* 20:35ean itxiko dute azken bozkalekua Euskal Herrian, Zizur Nagusian berogailu batengatik 35 minutuz hustu behar izan dutelako bozkaleku bat.
* BERRIAk zuzenean emango du emaitzen berri webgunean. Bihar egunkariaren zenbaki berezia izango da kioskoetan eta harpidedunen etxean.
Zuzeneko kontakizuna
Emaitzen laburpena
EAJk irabazi ditu hauteskundeak Hegoaldean, eta sei diputatu eskuratu ditu. Beste horrenbeste lortu du PSEren eta PSNren baturak ere. Elkarrekin Podemosek bost lortu ditu, lau erdietsi ditu EH Bilduk eta bi Navarra Sumak. PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dute ordezkaririk lortu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Espainian, berriz, PSOE gailendu da alde handiarekin, eta PP hondoratu egin da. Pedro Sanchezek erabaki beharko du gobernua osatzeko Ciudadanosen babesa bilatuko duen, ala Unidas Podemosen eta indar abertzaleengana jotzen duen laguntza eske.

Gorka Berasategi Otamendi
Txibite: "Ezkerreko botoen liderra izan nahi dut, gobernu aurrerakoi bat osatzeko"
Maria Txibite PSNko idazkari nagusia gustura agertu da alderdi sozialistak Nafarroan lortu dituen emaitzekin. Bi diputatu eta senatari bat eskuratu ditu. Txibitek nabarmendu du Nafarroan ezkerrak eskuinak baina boto gehiago eskuratu dituela. Maiatzaren 26ko foru hauteskundeetan ezkerreko indar horien gidari izan nahi duela gaineratu du, gobernu aurrerakoi bat osatzeko.
.@mavichina ere pozik, "presidente, presidente" oihuka militanteak. Foru hauteskundeetan emaitzak errepikatu nahi ditu: "Nafarroako ezkerrak eskuinak baino boto gehiago izan ditu, eta boto horien lidergoa izan nahi dut gobernu aurrerakoia izateko" @berria #A28
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) April 28, 2019
Eparzak adierazi du Nafarroa ez dela abertzalea, espainiarra baizik
Javier Esparza UPNko buruak Navarra Sumak Nafarroan lortu duen garaipena nabarmendu du. Mezua bidali dio Uxue Barkos Nafarroako presidenteari: haren esanetan, Nafarroa ez da abertzalea, espainiarra baizik.
Esparza pozarren, Barkosi mezua igorri dio: "Epe muga du". UPNko presidentearen arabera, Navarra Sumak "asmatu" egin du indarrak batuta. ""Laukoak berriro galdu egin ditu hauteskunde batzuk, eta gauza bat argi: Nafarroa ez da abertzalea, espainiarra baizik". @berria
— Joxerra Senar (@joxerrasenar) April 28, 2019
Ciudadanos Espainiako etorkizunaren itxaropena bihurtu dela ziurtatu du Riverak
Albert Rivera Ciudadanoseko buruak adierazi du hauteskundeetako emaitza errespetatuko dutela. Riverak aurreratu du Sanchezek gobernua eratuko duela Unidas Podemosekin eta abertzaleekin batera. Aukera horri kontrajarro dio Ciudadanos Espainiaren etorkizunerako "itxaropena" bihurtu denaren ideia. Oposizioa gidatzeko jauzi kualitatiboa eman dutela adierazi du, eta "berandu baino lehen" Espainia gobernatuko dutela ziurtatu du.

Gorka Berasategi Otamendi
Alonsok hausnarketa egitea ezinbesteko jo du
Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak aitortu du une zaila dela alderdi popularrarentzako, ez baitu ordezkaririk lortu EAEn. Alonsok gaineratu du PP "ardura handia" duela estatu mailan. Haren esanetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik "Espainiarentzako onena" den egoera bilatzeko lanean jardungo dute. Alonsok ezinbesteko jo du hausnarketa egitea, PPren emaitzak zein izan diren ikusita

Gorka Berasategi Otamendi
Mendiak nabarmendu du PSOEk "eskuina geldiaraztea" lortu duela
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak PSOEren emaizak goraipatu ditu. Nabarmendu duenez, alderdi sozialistak "eskuinak geldiaraztea" eta Espainia "gidatzea" lortu du. Mendiak adierazi du Sanchezi dagokiola orain Espainiako Gobernu berria eratzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan duten gorakadarekin ere pozik agertu da, eta EAEn bigarren indar izateari balioa aitortu dio.

Gorka Berasategi Otamendi
Casadok oposiziotik lan egingo duela iragarri du
Pablo Casado PPko buruak Sanchez eta PSOE zoriondo ditu, eta hauteskundeetan izan duten garaipena aitortu du. Casadok gaineratu du oposiziotik egingo duela lan PP berriro ere alderdi irabazle bihurtzeko. Beraz, ez du presidente izendatua izateko bere burua aurkeztuko. Eskuineko alderdiei hausnarketa egiteko eskatu die, zatiketak emaitzetan kalte egin diela iritzita. Casadok Navarra Suma jarri du eskuinak hartu beharreko bidearen adibide.

Gorka Berasategi Otamendi
Sanchezek adierazi du konstituzioa errespetatzen duten guztiekin hitz egingo duela akordioa bilatzeko
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak PSOEren garaipena ospatu du. "Etorkizunak irabazi du, eta iraganak galdu". Espainiako gizartea demokraziaren alde egindu, Sanchezen esanetan, "azken 40 urteetan ekuratu ditugun eskubide eta askatasunen alde". PSOEk gobernua eratuko duela ziurtatu du eta hiru erronka zehaztu ditu: gizarte desberdintasunei aurre egitea, elkarbizitzaren alde egin eta lurralde gatazkak gainditzea eta ustelkeriari aurre egitea.
Sanchezek esan du konstituzioa errespetatzen duten alderdi guztiekin hitz egingo duela eta militanteek berehala erantzun dute: "Riverarekin ez" hasi dira oihuka. Sanchezek adierazi du berak ez duela beste batzuk bezala egingo, Ciudadanosek PSOErekin gobernua osatzearen kontra egin dituen adierazpenei erreferentzia eginez. Sanchezek nabarmendu du guztiekin hitz egingo duela.

Gorka Berasategi Otamendi
Espainiako Diputatuen Kongresuko botoen %98,44 kontatuta, 123 eserleku eskuratu ditu PSOEk. Bi aukera ditu presidentziara iristeko: Ciudadanosen babesa bilatzea; edo Unidas Podemosekin ez ezik, ERCrekin (15) eta beste abertzale batzuekin ados jartzen saiatzea.
PPk beherakada handia izan du 137tik 66ra. Ciudadanosekin (57) eta Voxekin (24) batuta, ez du gehiengorik osatzen. 147 eserlekurekin gelditzen da eskuina.

Oihana Elduaien Uranga
Nafarroan hautetsirik gabe gelditu da EH Bildu
Nafarroan botoen %99,76 zenbatuta, EH Bilduk ez du eskuratu eserlekurik. PSNren eta EH Bilduren artean saltoka ibili da aulki hori, eta PSNren eskuetan gelditu da azkenean. Atzerriko botoa zenbatzeko dago; astea amaitzerako jakingo dira behin betiko emaitzak.

Oihana Elduaien Uranga
EAJk elkarrizketarako deia
Andoni Ortuzar ere pozik agertu da prentsaren aurrean. Araban aurreneko indarra izan dira, lehen aldiz, eta horrek bereziki poztu dituela esan du. "Era baikorrean" arituko direla esan du, eta elkarrizketaren bidez akordiorako deia egin du: "Gure ordezkaritza Euskadiren eta ongizatearen zerbitzuan arituko da". Agertoki berrian, "elkarrizketa aukera eta konponbide politikoak" proposatzen dituela nabarmendu du EBBko buruak.
Sei eserleku eskuratu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (5 zituzten lehen)

Oihana Elduaien Uranga
Lehia estua azken diputaturako Araban eta Nafarroan
Azken diputatua oso lehiatua dago Araban, EH Bilduren eta PPren artean, eta Nafarroan PSNren eta EH Bilduren artean.
AZKEN DIPUTATUA
— Jakes Goikoetxea (@ijitoa) April 28, 2019
Araba (%13,66 zenbatuta): Bildurentzat (PP 2 botora)
Bizkaia (%55,04 zenbatuta): Podemosentzat (PP 5.087 botora)
Gipuzkoa (%45,98 zenbatuta): EH Bildurentzat (PSOE 13.525 botora)
Nafarroa (%13,66 zenbatuta): PSOErena (EH Bildu 634 botora)@berria
Akordioak derrigorrezko
Lehen inkestaren arabera, Espainiako Gorteetan gobernatu nahi duenak akordioak egin beharo ditu presidentetzarako babesa lortzeko. Pedro Sanchez sozialisten liderrak, bere eserlekuez gain (116-121), Unidas Podemosen (42-45), ERCren (13-14), EAJren (6) eta EH Bilduren (2) botoak beharko lituzke presidente izendatua izateko.

Oihana Elduaien Uranga
Nafarroan bina Navarra Sumak eta PSNk
EH Bildu eserlekurik gabe geldituko da Nafarroan, inkestaren arabera. Navarra Suma eta PSN, berriz, pare-parean, bina eserlekurekin. Unidas Podemosi eserleku bat eman diote.


Oihana Elduaien Uranga
EAJk eta PSEk bina Gipuzkoan
Inkestako emaitzen arabera, Gipuzkoan bina lortuko lukete PSEk eta EAJk. EH Bilduk, bat.


Oihana Elduaien Uranga
Araban PPri eman diote dudako eserlekua
Telebista publikoek egindako galdeketen arabera, Araban PSEk diputatu bat edo bi eskuratuko lituzke; EAJk, Unidas Podemosek eta PPk, bana. EH Bilduk ez luke ordezkaritzarik.


Oihana Elduaien Uranga
Hego Euskal Herriko emaitzak
Fortaren inkestaren arabera, honela banatuko dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 23 eserlekuak:
PSOEk 7-8 eserleku
EAJk 6
Unidas Podemosek 5
Navarra Sumak 2
EH Bilduk 2
PPk 0-1

Oihana Elduaien Uranga
Lehen inkestaren arabera, eskuina ez da nagusituko
Fortak, RTVEk eta autonomietako komunikabideek egindako inkestaren arabera, PSOEk irabaziko lituzte bozak.
PPk (69-73), Ciudadanosek (48-49), Vox-ek (36-38) eta Navarra Sumak (2) ez dute lortuko Espainiako Gobernua osatzeko behar luketen gehiengoa. Laurei aurreikusten dizkieten emaitzarik onenak batuta 162 eserleku batuko lituzkete; PSOEk (116-121) eta Unidas Podemosek (42-5) 166.
EAJri 6 eserleku aurrikusi dizkiote, EH Bilduri 2, eta Navarra Sumari ere 2.

Oihana Elduaien Uranga
Gipuzkoan, parte-hartze onenetan hirugarrena
Gipuzkoan dago gaurko hauteskundeetan parte-hartzearen igoeraren nabarmenena. 18:00etarako hamar puntutik gorakoa zen, eta datu horiekin emaitza historiko bat espero daiteke. Izan ere, gaurko parte-hartze datua, %60,03, 1982ko eta 2004ko bozen ondoren onena da. 1982an 18:00etan %65,29koa izan zen, eta 2004an, %60,71koa. 2016ko hauteskundeetan, azken bi orduetan hamasei puntu igo zen parte-hartzea Gipuzkoan.


Jon Ordoñez Garmendia
Nafarroan ere, hamarretik seik
Nafarroan ere 18:00etarako hamarretik sei herritarrek bozkatu dute. %60,97 izan dira guztira ordu horretarako, 2016an baino 9,2 puntu gehiago. Duela hiru urte azken orduan parte-hartzea hemeretzi puntu igo zela haintzat hartuta, gaur hori bera gertatuko balitz, %80ko parte hartze batera hurbilduko litzateke Nafarroa. Hala ere, erreferentzia bezala 2008ko haueskundeak har daitezke. Urte horretan 18:00etan parte hartzea %62,83koa izan zen, eta azkenean datu osoa %77,59koa izan zen.


Jon Ordoñez Garmendia
Bizkaia, herrialde aktiboena
Arratsaldeko datuei dagokionez, Bizkaia ari da izaten gaurko hauteskundeetan herrialde aktiboena. 18:00ak arte herritarren %62,34k bozkatu dute. 2016ko hauteskundeetan %53,03 izan ziren. Datu horiek neurtzerakoan aintzat hartu behar da duela hiru urte beste hamabost puntu igo zela parte hartzea 20:00etarako; %68,37koa izan zen azkenean. Joera hori errepikatuko balitz, %75tik gorako parte-hartze batera iritsiko litzateke gaur Bizkaia.


Jon Ordoñez Garmendia
Igoera oso handia, hiru herrialdetan
Arratsaldeko parte-hartze datuek ere 2016koekiko gorakada berretsi dute. Eguerdian igoera bereziki nabarmena Gipuzkoan izan da, eta arratsalderako igoera hamar puntutik gorakoa izan da: 10,09koa zehazki. Nafarroan eta Bizkaian ere asko handitu da parte hartzea, eta bederatzi puntutik gora handitu da, 9,19 Bizkaian eta 9,17 Nafarroan. Parte-hartzea Araban igo da gutxien, 3,28 puntu.

Jon Ordoñez Garmendia
Jarraitu emaitzak, BERRIAn
Boto kontaketa hasi ahala, BERRIAk zuzenean emango ditu emaitzak webgunean grafikoetan ere bai. 2011ko, 2015eko eta 2016ko datuekin ere alderatu ahal izango dira. Bitartean, aurreko hauteskunde horietako emaitzak daude ikusgai.


Jon Ordoñez Garmendia
Donostian EHUko Zuzenbideko fakultatean jarri duten bozkalekuan gizon bat hil da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, botoa ematera joan da gizona eta berez hil da. Larrialdi zerbitzuak han bertan saiatu dira suspertzen gizona, baina ezin izan dute ezer egin.

Jon Ordoñez Garmendia
Eguerdiko datuei erreparatuta Gipuzkoan izan da nabarmena parte-hartzearen igoera. 1982tik izan den parte hartzerik handiena da gaurkoa 14:00etan. %42,81 zen gaur, eta 1982an ordubete geroago (15:00etan neurtzen baitzen orduan parte hartzea), %44,99koa izan zen. Azken urteetan, berriz, Espainiako bozetan hau izan da 14:00etan:
2011: %37,94
2015: %39,71
2016: %35,31
Gaur duela azken boz horietan baino 7,5 puntu handiagoa izan da.

Jon Ordoñez Garmendia
Hurrengo parte-hartze datuak, 18:00etan
18:00etan bilduko dituzte hurrengo parte-hartze datuak. Eguerdiko gorakadaren ondoren, bozkalekuak itxi baino bi ordu lehenago baieztatuko da parte hartzea orain espero bezain handia den. Hauek dira 2016ko 18:00etako parte hartze datuak:
Araba: %48,52 (120.583 botoemaile).
Bizkaia: %53,03 (483.366 b.).
Gipuzkoa: %49,88 (276.842 b.).
Nafarroa: %51,77 (247.332 b.)

Jon Ordoñez Garmendia
Azken bozkalekua, 20:35en itxiko da
Gora-behera handirik gabe doa gaurko hauteskunde eguna Hego Euskal Herrian, baina boto kontaketa atzeratu egingo da pixka bat. Izan ere, Zizur Nagusian bozkaleku bateko berogailu bat hondatu egin da eta behar baino karbono dioxido gehiago botatzen ari zelako bozkalekua itxi egin behar izan dute 11:40ean. 12:15ean zabaldu dute berriro eta itxita egon den denboragatik 20:35ak arte izango dute han hautesleek bozkatzeko aukera.

Jon Ordoñez Garmendia
Parte hartzea %5 baino gehiago handtu da Hego Euskal Herrian
2016ko datuekin alderatuta, 14:00ak arteko parte hartzeak gora egin du Hego Euskal Herrian, %5 baino gehiago. Igoerahandiena Gipuzkoan izan da (%7,47); Nafarroan %5,79 handitu da; Bizkaian, %5,21 eta Araban %2,56.

Gorka Berasategi Otamendi
Ortuzarrek adierazi du bozkatzea demokrazia indartzeko erremintarik onena dela
Andoni Ortuzar EAJko buruaren esanetan, bozkatea "demokrazia indartzeko erremintarik onena da, eta populismoaren kontra eta giza eskubideen eta balio demokratikoen alde lan egin eta borrokatzeko neurririk onena". Hori dela eta, bozkatzera animatu ditu herritarrak. Ortuzarrek eskatu du "Euskadi defendatuz" eta "demokrazia indartzeko" eman dezatela botoa.


Gorka Berasategi Otamendi
Elorza: "Egun historikoa da"
Odon Elorza Espainiako Kongresurako PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, gaurko hauteskunde bozketa "historikoa" izango da. Adierazi duenez, "ilusioz eta konfiantzaz" ari da bizitzen eguna. Donostiako Loiola auzoko Ikasbide ikastolan eman du botoa.


Gorka Berasategi Otamendi
Uriartek adierazi du askatasuna "etorkizuneko mundu hobe" baten aldeko erabakiak hartzea dela
Roberto Uriarte Unidas Podemosen Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Albert Camus idazlearen esaldi bat ekarri du gogora, Bilbon bozkatu duenean. "Askatasuna ez da edozer gauza aukeratzeko posibilitatea. Etorkizuneko mundu hobe eta solidarioago baten alde erabakiak hartzeko aukera ere bada", adierazi du.


Gorka Berasategi Otamendi
Nafarroako eta Espainiako eskuinei irribarrea ezabatzea espero du Pozuetak
Bel Pozueta Kongresurako EH Bilduren Nafarroako zerrendaburuak Altsasun bozkatu du, eta ohartarazi du EH Bildu dela "eskuinari aurre egiteko aukera bakarra". Herritarrei parte hartzea deitu die, Navarra Sumarekin "zalantzan dagoen eserleku hori" EH Bilduk eskuratu dezan. Pozuetak espero du "Nafarroako eta Espainiako eskuinei irribarrea ezabatzea".


Gorka Berasategi Otamendi
Hautetsontziak "boto antifaxistekin" betetzera deitu du Matutek
Oskar Matute EH Bilduren Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak Barakaldoko Gurutzeta auzoan bozkatu du. erritarrei dei egin die hautetsontziak "boto antifaxistekin betetzera", demokrazia zabaltzeko. "Hautetsontziak bete daitezela demokraziaz, antifaxismoz, errepublikaz, ezkerraz eta abertzaletasunaz", adierazi du.


Gorka Berasategi Otamendi
Parte hartze altua bada, "gehiengo aurrerakoia" nagusituko dela uste du Belarrak
Ione Belarra Kongresuako Unidas Podemosen Nafarroako zerrendaburuak ez du emaitzarik aurreratu nahi izan, baina adierazi du herritarren parte hartzea altua baldin bada, "gehiengo aurrerakoia" nagusitzea espero duela.


Gorka Berasategi Otamendi
Estebanen esanetan, gaur erabakiko dena da nork eramango dituen herritarren kezkak Madrilera
Aitor Esteban Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak Zeberion (Bizkaia) bozkat du, eta nabarmendu du gaurkoa ez dela Espainiako presidentea aukeratzeko bozketa, Madrilera herritarren "kezkak" eramango dituzten ordezkariak aukeratzekoa baizik.
Estebanek uste du herritarrek "serio" hartuko dutela gaurko hauteskundeetan parte hartzeko ardura, eta "era masiboan" bozkatuko dutela aurreratu du.


Gorka Berasategi Otamendi
Uxue Barkosek nabarmendu du gaurko parte hartzea bereziki garrantzitsua dela
Nafarroako presidente Uxue Barkosek ere bozkatzera deitu ditu herritarrak eta adierazi du gaurko parte hartzea bereziki garrantzitsua dela. Barkosen esanetan, bozkatzea "ez da eskubide bat soilik, eginbeharra ere bada, eta kasu honetan ekarpen garrantzitsua izango da hurrengo lau urteetako politikan".


Gorka Berasategi Otamendi
Sayasek bozkatzera deitu du, "Nafarroako etorkizuna beste batzuk" erabaki ez dezaten
Sergio Sayas Navarra Suma koalizioaren Kongresurako hautagaiak Barañainen bozkatu du, eta botoa ematera animatu ditu herritarrak, "Nafarroarentzako eta Espainiarentzako zer nahi dugun zuzenean erabaki dezagun, eta beste batzuri gure ordez erabakitzen utz ez diezaiegun".


Gorka Berasategi Otamendi
Idoia Mendiak "egonkortasuna" bermatuko duen gehiengoa espero du
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Bilbon bozkatu du. Adierazi duenez, emaitzek "gehiengo nabarmen bat" islatzea espero du, eta horrek "egonkortasunez eta lasai gobernatzea" ahalbidetuko diola PSOEri.
Mendiaren esanetan, gaurko hauteskundeetan Espainiaren "etorkizuna, elkarbizitza eta pluralitatea" daude jokoan.


Gorka Berasategi Otamendi
Koldo Martinez
Koldo Martinez Geroa Bairen zerrendaburua ere izan da hauteslekuan. "Demokrazian sakontzea" eta "autogobrnua sendotzea" dira bere helburuak. Gero Bairi botoa ematen dionak horretan laguntzen duela azpimarratu du.
"Eguna amaitzean diputatu aukeratua izatea espero dut", esan du.


Oihana Elduaien Uranga
Iglesias eta Rivera ere izan dira hauteslekuetan
Pabro Iglesias Unidas Podemoseko lehendakarigaia eta Albert Rivera Cidanosekoak ere eman dute beren botoa.
Gaurko bozketan "gehiengo aurrerakoia" bistaratzea espero duela esan du Iglesiasen, eta horretarko, parte hartzera deitu ditu herritarrak.
Riverak, berriz, "aro politikoaren aldaketa" gertatzea espero duela esan du. "Espainia indartsu eta batua" azalduko dela. Horregatik, gauzak aldea nahi dutenei botoa ematera joateko deia egin die, "denak berdin jarraitzea nahi ez dutenei".

Oihana Elduaien Uranga
Urkullu ere justizia soziala garatzeko xedez
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere eman du botoa. Durangon eman du, eta Sancheze bezala, "justizia soziala" aipatu du: "Espero dezagun gaurko eguna baliagarria izatea demokrazian aurrera egiteko eta justizia sozialean garatu ahal izateko hiritarren bozkarekin".


Oihana Elduaien Uranga
Otegi, ERC-rekin, 15 diputaturen bila
Arnaldo Otegi EH Bilduko hautagaiak ere eman du botoa, Elgoibarren (Gipuzkoa). EH Bildu ERCekin batera aurkeztu da bozetara, eta Otegik argi esan duzein den helburua:
-Katalanen eta euskaldunen artean milioi bat boto batzea espero du, eta ondorioz 15 eserleku eskuratzea.
-EH Bilduk 200.000 boz zenbatzea.
📽 @ArnaldoOtegi: "Gaur argi ikusiko da olatu errepublikazale, feminista, ezkertzale eta independentista altxatuko dela". #A28 #erabaki #AurreraEgin pic.twitter.com/DNqWt3NXco
— EH Bildu (@ehbildu) 2019(e)ko apirilaren 28(a)

Oihana Elduaien Uranga
Gaiak eta eztabaidak
Hainbat gai garrantzitsutan hautagaiek dituzten proposamenak aztertu ditu BERRIAk hauteskunde kanpainan. Bilduma bat da hau.

Oihana Elduaien Uranga
Hautagaiak hasi dira botoa ematen
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuburuak eta PSOEren hautagaiak dagoeneko eman du botoa. Madrilen egin du, eta bera izan hautagaietako aurrena.
Gehiengo zabal bat nahi duela nabarmendu du, eta herritarrek horretarako "mezu argia" ematea espero du. "Egonkortasuna" nahi du datozen lau urteetarako; aurrera egitea ahalbidetuko duen egonkortasuna, eta "justizia soziala" zartzeko lan egiteko modua emango diona


Oihana Elduaien Uranga
Hiru aukera nagusi
Hiru aukera nagusi daude mahai gainean. Eskuinen batasuna, zentsura mozioa onartu zuen gehiengoa edo PSOE-Ciudadanos batura; aukera horietako zein den bideragarria zehaztuko dute gaur Espainiako Gorteetarako bozek. Inkestek diote euskal herritarrek bigarren aukera babestuko dutela, baina PSOEren nahia izango da erabakigarria.

Oihana Elduaien Uranga
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.