Donostiako ustezko zazpi erasotzaileetatik sei espetxeratu dituzte

Atxilotuetako bat baldintzapean aske utzi zuten atzo, eta gainerako seiak espetxeratzeko agindu zuen epaileak; homizidioa leporatu die. 17 urteko mutil bat jipoitzea eta hiltzea egozten diete. Ehunka lagun bildu ziren atzo Donostiako Udalak antolatutako gaitzespen elkarretaratzean. 

Donostiako Udalak antolatutako elkarretaratzea, astelehen iluntze honetan. JON URBE / FOKU
2019ko apirilaren 30a
12:56
Entzun

Ostiral goizaldean jasotako jipoi baten ondorioz igande honetan ospitalean hildako 17 urteko mutilari eraso egitea leporatuta atxilotutako zazpi gizon gazteek epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, astelehena. Epaitegietako iturriek jakinarazi zutenez, aske utzi zuten haietako bat, baldintzapean. Fiskalak eskatu zuen gainerako seiak behin-behinean kartzelatzeko; akusatuen defentsa egiten ari diren lau abokatuek, aldiz, aske uzteko eskatu zuten. Epaileak fiskalaren eskariari jarraitu zion, eta sei akusatuak baldintzarik gabe kartzelatzeko agindu zuen.

Atzo arratsaldean bi elkarretaratze egin dira Donostian, gaztearen hilketa gaitzesteko; udalak antolatu zuen bat, eta mutilaren familiak, bestea. Ehunka lagun bildu ziren samina adieraztera. Eneko Goia alkateak jakinarazi zuen udal talde guztiek aho batez deitu zutela elkarretaratzera, "gertakari tamalgarri" horiekiko "arbuioa eta dolua" adierazteko.

Bi egun koman egin eta gero, igandean zendu zen 17 urteko mutikoa; Santi Coca Hacine-Bacha zuen izena. Hiriaren erdi-erdian, udaletxearen inguruan eraso zioten goizaldean, diskoteka baten alboan. Zigarreta batzuen bueltan hasi zen liskarra, hedabide batzuek azaldu dutenez. Kolpe ugari hartu zituen gazteak, eta kordea galduta aurkitu zuten larrialdietako zerbitzuek. Harekin zeuden beste bi mutiko ere zauritu zituzten. Onik daude. Taldeko erasoa izan zela uste du Ertzaintzak: zazpi gizon gazte atzeman zituzten inguruan.

Hildakoaren amak dei egin du "gorrotoa" ez hauspotzera

Hildako gaztearen ama Fatima Hacine-Bacha Garciak kezkatuta hitz egin du, semearen gorpuari autopsia egiteko baimena eman eta epaitegitik atera berri ETBri egin dizkion adierazpenetan. Semearen heriotzak gizartean izan duen eraginak arduratu du, gorrotoa piztu duela iritzita. "Ez gaude ados piztu den gorrotoarekin, hemen ditugun bezainbeste baliabide ez dituzten pertsonei errua botatzearekin".

Bacharen aita aljeriarra da, eta ama, euskalduna. Amak berak azaldu duenez, hori dela eta, gazteak kultura desberdinei lotutako balioak jaso ditu etxean, eta "aniztasunarekiko errespetua" da horietako bat. Adierazi du semearen hilketak balio behar duela gorrotoaren aurrean "esnatzeko". Gorrotoak ezer onik ez dakarrela nabarmendu du Bachak, eta hari bizkar emateko eskatu dio gizarteari. Agintariei, berriz, delitugileen "benetako gizarteratzea" bermatzeko neurriak galdegin dizkie.

Atxilotuek, 18-25 urte

Gaztea jipoitu zuten lekuan bertan zazpi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Gazteak dira denak, 18 eta 25 urte bitartekoak, eta gizonezkoak. Herenegun arratsaldean eraman zituzten epaitegira, deklaratzera, baina atxiloaldia luzatzeko agindu zuen guardiako epaileak, artean froga batzuk aztertzen ari zirelako. Atzo ere ez zuten deklaratu. Kasuko iturrien arabera, bi froga zeuden zintzilik: batetik, kamerek grabatutako irudiak aztertzea —udaletxe alboan gertatu zen erasoa, eta kameretan badira bideoak—; bestetik, bi lekukoren testigantzak ere bildu nahi zituen epaileak. 

Lesio larrien delitua leporatuta atzeman zituzten zazpi gazteak, baina orain, mutikoa hil eta gero, homizidio delitua eta lesioak ere leporatu dizkie epaileak akusatuei.

Donostiako Udalak erasoa salatu zuen ostiralean bertan, ohar baten bidez, ordezkaritza duten alderdi politiko guztien adostasunez. Eraso "onartezina eta zentzugabea" izan zela adierazi zuen udalak: "Horrelako indarkeria adierazpenek ez dute inolako arrazoibiderik. Zentzurik gabeko mina bakarrik sortzen dute, doako mina". Mutikoa hil dela jakinda, Eneko Goia alkateak samina agertu die haren ingurukoei. Erasoa salatu du alkateak ere. "Kasu honetan, justizia eskatzea dagokigu orain".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.