Kultur azpiegiturak

Clara Montero da Tabakalerako kultur zuzendari berria

Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen 2013tik 2016ra. Eta, ondoren, 2016tik 2018ra Bilboko Azkuna Zentroan, Kultur Programazioaren arduraduna, 2016-2018 epean. Aurrez, Tabakaleran ere izan zuen ardurarik: jardueren koordinatzailea izan zen 2008. eta 2011. urteen artean eta, Administrazio Kontseiluko kide ere bai ondoren, Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen garaian.

Clara Montero (ezkerretik hirugarrena), filmak euskaraz azpititulatzeko hitzarmen baten aurkezpenean, 2014an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko apirilaren 29a
21:08
Entzun

Ane Rodriguezek kargua utziko zuela jakinarazi ostean, kultur zuzendari berria hautatzeko prozesua hasi zuen Donostiako Tabakalera Kultur Garaikidearen Nazioarteko Zentroak otsailean. Ohar bidez, prozesuak utzitako emaitza jakinarazi berri du zentroaren Administrazio Kontseiluak: Clara Montero Telletxea izendatu dute Tabakalerako kultur zuzendari.

Artearekin eta kulturarekin lotutako erakunde eta enpresen sektorean aritua da Montero, eta kontseiluak bere oharrean nabarmendu duenez, «eskarmentu handiko ibilbidea du proiektuen diseinuan, estrategian eta exekuzioan», bereziki arte garaikidearen eta ikus-entzunezkoen inguruko jardueretan.  Gaur egun, Zurich eta New Yorken egoitza duen Galerie Gmurzynska arte galeriako Garapen eta Ikerketa zuzendaria da, eta estrategiaren definizioaz nahiz artistak eta erakusketak proposatzeaz arduratzen da.

Erakunde publikoetan ere aritua da Montero, kultur arloan horietan ere. Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Sustapenerako zuzendari izan zen 2013tik 2016ra. Eta, ondoren, Bilboko Azkuna Zentroan, Kultur Programazioaren arduraduna izan zen 2016-2018 epean. Hori baino lehen, ordea, Tabakaleran ere izan zuen ardurarik: zentroko jardueren koordinatzailea izan zen 2008. eta 2011. urteen atean eta, beraz, barrutik ezagutzen du zentroa. Horrez gain, Tabakalerako Administrazio Kontseiluko kide ere izan zen Jaurlaritzaren ordezkari gisa, Kulturaren Sustapenerako Zuzendari izan zen garaian.

Urtarrilean onartu zuten Tabakaleraren plan estrategikoa, eta bertan jasotako kultur proiektua zehaztea eta exekutatzea izango ditu Monterok bere arduren artean. Halaber, sormen prozesuen sustapena lantzea, kultura herritarrengana hurbiltzeko programazioa sortzea eta kultur eta industrien garapenean laguntzea ere izango ditu zereginen artean.

Ohar berean jakinarazi dutenez, Montero «aurki» hasiko da lanean Tabakalerako zuzendaritza taldean, Edurne Ormazabal zuzendari orokorrak eta Oihana Zarra kudeaketa zuzendariak osaturikoa. Kultur Zuzendaritzan hiru arduradun izango ditu alboan: Oier Etxeberria —arte garaikideak—, Victor Iriarte —zinema eta ikus-entzunezkoak— eta Arantza Mariskal —sorkuntza laborategia—.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.