Komunikazioa

Euskal Hedabideen Behategiak 2018ko urtekaria aurkeztu du

Behategiak esan duenez, "premiazkoak" diren hainbat eztabaidagai eta horiek ahalbidetzeko azterketak jasotzen ditu urtekariak.

Urtekariaren aurkezpena, Donostian. BEHATEGIA
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 30a
12:18
Entzun

Liburukiak hogeita hiru egileren hamahiru lan jasotzen ditu. Libe Mimenzak azaldu duenez, lehen idazkian, Igor Astibia Teiletxeak, Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko koordinatzaileak iazko gako nagusiak errepasatu ditu. Artikuluan, besteak beste, kazetaritzaren aurkako erasoez mintzo da eta komunikazioaren esparruan gailendu diren joera orokorrak ere aletu ditu.

Bigarren lana 2018an jendarteratutako euskarazko komunikabide berri eta berritzaile bati dagokiola gehitu du: «Ttap aldizkaria: estrategia oso baten partea». Sakelakoetarako pentsatutako app honen nondik norakoak kontatzen ditu produktuaren argitaratzaile den Aldizkari Digital Multimediak SLren presidente Jone Guenetxea Arrindak.

Mimenzak azaldu duenez, hirugarren artikuluan, inoiz egin den euskararen aldeko mobilizazio handienean jarri da arreta. Ziortza Alvarez Gandiagak, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Soziologiako laugarren mailako ikasleak sinatu du Euskaraldiaren presentzia euskal komunikabideetan lana.

"Artikulu luzeagoen atala irekitzen du laugarren lanak, hain zuzen, kazeta kontsumo azkarreko garaiotan eduki luzeek duten espazioa eta izaera marrazteko"gehitu du Behategiko koordinatzaileak . EHUko HGH ikerketa taldeko Udane Goikoetxea Bilbao, Imanol Murua Uria eta Txema Ramirez de la Piscina Martínezen lana da Arnasa luzeko kazetaritza euskal hedabideetan: egungo esperientziei errepasoa.

Bosgarren lana osatzeko ibilbide profesional osoan Maria González Gorosarrik xehe ikertutako auzia dakarrela azaldu du Mimenzak: euskal kazetagintzaren kalitatea. EHUko HEKA ikerketa taldeko kideak Tokiko astekarien kalitatea lanean aztertu ditu Alea, Anboto, Goiena eta Guaixe hedabideen indarguneak eta ahuleziak

Behategiko koordinatzaileak azaldu duenez, "hurrengo bi lanek genero begirada dakarte". Alde batetik, EHUko Emakumeen ikusgaitasuna hedabideetan ikerketa taldeko Arantza Gutierrez Paz eta Itxaso Fernandez Astobizak Emakumeen presentzia eta ahotsa tokiko euskal prentsaren iritzi-foroetan: artikulu-motak, sinatzaileen soslaia eta gaiak lana osatu dute. Bestetik, Elhuyar Fundazioko Testu Meatzaritza zerbitzu-lerroko arduradun den Xabier Saralegi Urizarrek osatu du Euskal Herriko prentsa digitalean emakumezkoek zenbateko presentzia duten kuantifikatzen testuen meatzaritza baliatuta artikulua. Bi begirada osagarri eta ikerketa-mota berriak abiatzeko metodologia berrikuntza bat.

"Zortzigarren lanak zabaltzen du urtekari honetako bigarren kutxa: Internet”",zehaztu du Mimenzak. Lehenik, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko Xabier Landabidea Urrestik kazetarien bizipenak jaso ditu, Euskarazko hedabideak eta Internet profesionalen perspektibatik: egunerokotasuna, kontsumoa eta erreferentzialtasuna lanean. Ondoren, CodeSyntax enpresako Josu Azpillaga Labaka eta Mikel Lizarralde Asurmendik dakarten Hekimen elkarteko webguneen audientzia digitalen analisia 2018 azterketan, iazko urteko gorabehera digitalak zehazten dituzte; eta kapitulua ixten du Behategiko koordinatzaileak berak idatzitako Euskarazko komunikabideak Facebook sare erraldoian 2018 lanak.

Jarraian azaldu duenez, hamaikagarren eta hamabigarren artikuluek, berriz, hartzaileengan jartzen dute arreta. Nork kontsumitzen ditu euskal hedabideak eta zenbat gara hartzaileak? Galdera horri erantzun dio EHUko NOR ikerketa taldeko Josu Amezaga Albizuk Euskarazko komunikabideen audientziak: ikuspegi historikoa lanean, eta CIESeko datuen azterketaren bidez emandako erantzunarekin bat galdera berriak jarri ditu mahai gainean. Bestalde, gaur egungo gazteen kontsumo ohiturak ziztu bizian aldatzen ari direla kontuan hartuta, horiek behatzean jarri dute arreta Unibertsitateko ikasleen ikus-entzunezko kontsumoa azterketan. Besteak beste, EHUren eta EITBren arteko Applika ikerketa proiektuko kide diren Edorta Arana Arrieta, Itziar Azpeitia Iruretagoiena, Rebeka Garai Basterretxea eta Bea Narbaiza Amillategik eta Eusko Jaurlaritzaren Ikasiker deialdiko bekadun Edurne Benito del Valle Fernandez, Leire Lasa Goiri eta Gaizka Sanchez Saavedrak osatu dute lana.

Azkenik, aurtengo urtekariko azken lana Digitaro Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarrean, HEKA ikerketa taldeko Jexuxmari Zalakain Garaikoetxeak eskainitako sarrera-hitzaldiko testu argitaragabea dela argitu du Mimenzak, Euskarazko medioak Euskal Prentsa gertakizunaren argitan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.