M-1: Matxinada horia

Joseba Alvarez (Sortuko kidea)
2019ko apirilaren 30a
19:41
Entzun

Azken sei hilabeteotan arreta bereziarekin jarraitu ditut Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu naiz, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko ikus-entzunezko zein idatzizko prentsa nagusiaren jokabidea tamalgarria izan da. Euskal Herrian ETAren unerik gogorrenetan euskaldunekin jokatu zuten modu berean jokatu dute hedabide frantses nagusiek Jaka Horien errealitatearen aurrean: zaborra, gezurra eta klase politiko zein ekonomiko nagusiaren aldeko iritzi publikoaren manipulazio interesatu eta lotsagarria. Dinamika instituzionalean murgilduta dagoen ezker politiko nahiz sindikalaren jokabidea ere ez da txalogarria izan, kontrolatzen ez duten matxinada sozial erraldoiaren aurrean. Gauza bakarra falta zitzaidan zerbait idazteko, beraien manifestaldi batean parte hartzea, eta horixe egin berri dut Parisen, Marixol Iparragirre euskal preso politikoari eginiko bisitarako bidaia aprobetxatuz. Gauzak horrela, euskal hedabide gehienek hain garrantzi txikia eman dioten gertakari sozial nagusi honen inguruan zenbait iritzi ematen ausartuko naiz Maiatzaren 1aren atarian.

Europako zein munduko botere ekonomiko nahiz finantziero handienek planeta astintzen zuen krisialdi ekonomikoaren erdian publikoki eta indarrez txalotu zuten Frantses Estatuko Macron presidente hautatu berriak inondik inora espero ez zuen matxinada sozialarekin egin du topo Frantses Estatuan. Bere burua politika egiteko modu berriaren (macronismoa) sortzaile gisa historiara eta entziklopediatara pasako zela pentsatzen zuen politikari egolatra amildegiaren aurrean jarri du azken hamarkadatan Estatu frantsesean ezagutu den mugimendu sozial indartsuenak, Jaka Horien mugimenduak. Eta Macronek, bereari eutsiz, amore ematen ez badu, Jaka Horiek amildegitik behera botako dute, inolako zalantzarik gabe. Hori ere jokoan baitago datorren abuztuan, Miarritzen egingo den G7ren gailurrean. Macronek Miarritzen munduaren aurrean Jaka Horien matxinada gainditu duela frogatu nahiko du, kapitalari arnas emanez. Jaka Horiek, aldiz, munduari erakutsi nahiko diote Macron hondoratzeko gai izan direla, ezkerreko politika mota berri bati ateak zabalduz Europan eta munduan. Ez da txantxatakoa da, beraz, Miarritzeko gailurrean jokoan dagoena eta jokoan duguna.

Izan ere, ikuspegi politiko zein sozialetik oso aberatsa eta interesgarria da Jaka Horien mugimendua eta ez soilik beraien borrokaren ereduarengatik- autonomia osoa, autogestioa, espazio publikoaren okupazioa, desobedientzia, ekintza zuzena, kolaborazio eza- edota partaideen aniztasunarengatik —sektore prekarizatuak, langileak zein klase ertainekoak— baita denboran zehar beraien dinamika mantentzeko izan duten gaitasunarengatik ere. Eta hori guztia ezkerrean ohikoak izan diren aldarrikapen asko bereganatuz. Denborak erakutsi du eskuin muturrarekin zer ikusirik ez duen mugimendu soziala dela, eskuin muturrak manipulatzeko saio bat baino gehiago egin duen arren. Parisen parte hartu nuen azken manifestaldian, nagusiki Jaka Horiez osaturiko Fronte Sozialaren bloke anitz eta handiaz gain, bertan izan ziren Attac, CGT, FO, Solidaires, NPA... beren ikur eta militantziarekin. Eskuin aldeko antolamendurik, militanterik edota aldarrikapenik ez. Manifestaldi osoan ozenki bota ziren konsigna guzti-guztiak, ezkerrekoak izan ziren: prekarietatearen aurkakoak, poliziaren bortxakeriaren kontrakoak, demokraziaren aldekoak, aberatsen zergen aldekoak, migrazioaren aldekoak, herri kontsultaren aldekoak, aldaketa klimatikoaren aurkakoak, Macronen aurkakoak...

Nola azal daiteke horrelako mugimendu sozial zabala, indartsua, bapatekoa eta antolakuntza aldetik hain sakabanatua, ezkerraren ohiko antolamenduetatik at sortu eta bideratu izana Frantses Estatuan? Ukaezina da jendartearen atal oso zabalaren egonezin politikoa eta ekonomikoaren aurrean ezkerra ez dela gai izan amorru hori ikusteko eta bideratzeko. Errealitate larria. Izan ere, gauzak aldatzeko ordua iritsi denean, ezker konbentzional instituzionalak ez du inolako sinesgarritasunik izan jendarte zabal horrentzat eta Jaka Horiek nahiago izan dute beren bidea egin. Oso gertakari larria da ezker konbentzional eta instituzional frantsesarentzat, ez baikara manifestaldi batez ari, baizik eta Frantses Estatuko Macronen Gobernua hankaz gora bota dezakeen dinamika oso batez.

Frantses Estatuko ohiko ezkerra matxinada horretatik at geratu da. Are eta okerrago, jendarte mugimendu hau indartzera jo beharrean, albo batera utzi du, kontra egin ez duenean, hedabide nagusiek ezarritako diskurtsoak bereganatuz: eskuin muturraren mugimendua dela, sistemaren aurkako mugimendu antisistemikoa dela, ez dela gauza garbia, biolentoak direla... Horrek guztiak ere azal lezake Jaka Horien mugimenduak izan duen ezaugarri desobedientea (errotonden okupazioa, baimenik gabeko mobilizazioak, garraioaren blokeoa) eta baita ekintza zuzenerako joera ere, biolentziaren erabilerarekin gehienak bat ez datozen arren. Dena dela, Macronek zazpi hilabete hauetan argi erakutsi du Parisko eta beste hiri handietako sarraskiak hasi arte,  Gobernuak ez dituela benetan seriotan hartu Jaka Horiak.

Eta guri dagokigunez ere ez gara oso fin ibili. Euskal Herria ez dutela aitortzen, Marseillaise abesten dutela, bandera frantsesa daramatela eta horrelakoak esan ditugu mugimendu sozial erraldoi horrekin bat ez egiteko. Ez dugu dozena bat hildako, 2.200 zauritu (5 esku zartatu eta 23 begi lehertu, dozenaka birika zulatu, ehunka barne hemorragiak eta itolarri larriak eragin, milaka erredurak...) eta Eskubide Zibil eta Politikoen murrizketak (milaka atxilotu, ehunka espetxeratu, mobilizazioak debekatu...) ekarri dituen errepresioa indarrez salatu eta mugimenduarekiko elkartasuna behar den moduan adierazi. Kataluniako Estelada handia zegoen Parisko manifestaldian, eta ez zen lehen aldia izango. Aldiz, ikurrinarik ez... Horrela jokatuz, ez gaituzte inoiz ulertuko. Zer ikasi badugu, zalantzarik ez.

Sareko azterketek adierazitakoarekin bat eginik, Parisko manifestaldian ikusi genuen Jaka Horien manifestaldian bildutako jendarte sektorea orain arte Frantses Estatuaren aldetik babes soziala, lana, oinarrizko bizi baldintzak, hezkuntza-osasun-garraio zerbitzu publikoak jaso izan dituen langile zein herritar klasea izan da, hau da, gaur arte soldata kobratuz ere beren egoera prekarizatzen ari dela ikusi duten milioika lagunena. Aldiz, aspaldiko hamarkadotan bazterketa sozialik gogorrenean bizi den sektore sozial baztertuena, “banlieu” delakoetan bizi dena, ez zegoen benetan ordezkatua Parisko mobilizazioan. Horiek guztiek, aspaldi galdu zituzten Frantses Estatuak eskaintzen omen zizkien eskubide, zerbitzu eta babes sozial guztiak. Agian horrek azal lezake orain arteko hiri handietako auzo beroetan Jaka Horien mugimenduaren presentzia oso mugatua izatea. Eta, bestalde, ezin ahaztu Jaka Horien mugimendua bera sorreraz nekazal munduan eman zela.

Bi hitzetan esanda, azken urteotan asko aberastu den elite ekonomikoaren aurrean, prekarizatzen eta pobretzen joan den langileriaren zein herritar sektoreen esparru zabala da Jaka Horien oinarrian dagoena, egoera bera pairatzen hasi diren klase ertainaren atal batzuekin batera. Horretan datza Macronen beldurrik handiena, Jaka Horien mugimendua langile eta klase ertainetan ezezik, auzo beroetan ere erreferente bihurtzea. Eta horixe da ostegun honetatik aurrera gerta daitekeena, ebidentea baita Macronek berak antolatutako Eztabaida Nazionaleko emaitzak ez direla bat etorriko Jaka Horien aldarrikapenekin eta, ondorioz, datorren Maiatzaren 1ean Jaka Horien eta sindikatuen bateratze estrategikoaren hasiera eman daitekeela.

Matxinada horia badator eta Miarritzeraino ere iritsiko da abuztuan. Frantses Estatuan gertatzen ari denaz zer  hausnartu badugu bai Ezker Abertzalean, bai Euskal Herrian. Kapitalaren aurreko erantzuna eta erresistentzia prestatzen eta gogortzen hasi behar dugu Euskal Herri osoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.