mikel p ansa
Venezuela

Militarrik gabeko estatu kolpea

2019ko maiatzaren 1a
16:21
Entzun

Dena ala ezer ez jokatu du Guaidok, eta apustua gaizki atera zaio. Azkenean eta praktikan, estatu kolpe bat baino gehiago, kolpe mediatiko bat izan da astearte honetan entseatu duena. Eta kolpe hori irentsi behar zuten bakarrak (militarrak) ez dira joan prestatutako antzerkira.

Venezuelako presidente autoizendatuak eta enparauek asteak pasatu dituzte publikoki agerraldi handirik egin gabe. Maduro gobernutik botatzeko azken saiakera hustua eta desegina zegoela zirudien. Baina ez, oposizioko indarrak ez dira etxera joan, eta ikusi da zertan egin dituzten azkeneko asteak: estatu kolpe bat prestatzen.

El Confidencial egunkariak argitaratutako informazio baten arabera (ustez kolpea koordinatu duen eta atzerrian bizi den militar ohi bat elkarrizketatu dute), altxamendua maiatzaren 2rako zegoen prestatua, eta gobernuko kideren batek ere parte hartu behar zuen (aipatu dute Defentsa ministroa, Inteligentziako bururen bat eta Auzitegi Goreneko presidentea inplikatuta zeudela). Iturri horren hitzetan, Guaidoren "pertsonalismoak" eta presek eragin dute aurreratzea, eta horrek ekarri du kolpearen porrota.

Hipotesi bat baino gehiago daude orain mahaiaren gainean: 1) Guaidok AEBen konfiantza galdu du, ustez saldu zielako Maduro azkar eroriko zela, eta azken karta jokatu nahi izan du; 2) Guaido beldur zen gobernuak kolpearen aurretik atxilotuko ote zuten, eta aurreratzea erabaki du; 3) Guaidok protagonismo guztia beretzat hartu nahi izan du kolpea aurreratuta; edo 4) Kolpea gauzatzeko behar adina babes eta segurtasun eduki gabe aurrera egitea erabaki dute. Oso litekeena da lau faktoreak neurri ezberdinetan nahastea, eta dena pixka bat egia izatea. Emaitza argi dago, edozein moduz: erdipurdiko antzezlan batean bukatu du kolpe saioak.

Horra antzezlanaren lau ekitaldiak:

Lehen ekitaldia, astearte goizaldea: Leopoldo Lopez oposizioko burua etxeko espetxealditik askatu dute. Guaidok badaki atzeraezina den urrats bat egin duela horrekin. Edozein herrialdetan, justizia administrazioak zigortutako preso bat administrazio horren baimenik gabe askatzea delitu bat da, eta Guaidok badaki, beraz, Madurori atxilotu ahal izateko aitzakia perfektua eman diola Lopez askatzearekin. Horrek esan nahi du aurrera egitea beste aukerarik ez duela Guaidok, azkeneraino joateko plan bat izan dela (berez) martxan jarri duena. Hala adierazten dute zabaldu dituen mezuek: kalean iraunkorki egotera deitu ditu herritarrak.

Bigarren ekitaldiaren lehen zatia, astearte goizaldea: Lopez eta Guaido kuartel militar baten aurrean elkartu, militar batzuk dituztela inguruan. Albiste agentzia batzuen arabera 40 bat militar izan dira Guaidoren aldera lerratu direnak. Zabaldu dituzten bideoetan eta argazkietan inoiz ez dira ageri hamar baino gehiago elkarrekin, eta banaka zenbatuta ere, ez du ematen argazkietan hogei baino askoz gehiago direnik. Beste galdera da ea egiaz militarrak ote diren. Caracastik altxamenduaren lehen berriak iritsi aurretik, Reuters albiste agentziak zabaldu du mertzenario talde bat entrenatzen aritu dela Blackwater konpainia estatubatuarra, Venezuelan ekiteko. Gaurko gertakariek badute zerikusirik albiste horrekin? Oraingoz, erantzunik gabeko galderak dira. Garbi dagoena da Guaidok militar eskukada bat besterik ez duela izan bere aldean. Gerora, Madurok berak jakinarazi du "engainatuta" eraman dituztela soldaduak estatu kolpera. Telesur TV katearen bideo batean teniente batek ere kontatu du engainatuta mobilizatu dituztela. Identifikatu dituzte ustez mugimendu hori egin eta soldaduak mobilizatu dituztenak: inteligentzia zerbitzuko eta Guardia Nazionaleko kapitain bat eta general bat izan dira. Soldaduak, zer gertatzen jabetu direnean, goragoko agintariekin kontaktuan jarri, eta pixkanaka, eguerdirako, bakarrik gelditu dira kolpistak. Arratsalderako ezagutu da 25 militarrek Brasilgo enbaxadan eskatu dutela asiloa eta babesa.

Bigarren ekitaldiaren bigarren zatia, astearte goizaldea: militarrez inguratuta, kuartel militar baten atarian, militarrei altxatzeko deia egin diete, eta herritarrei kalera ateratzekoa. Hasieratik, urtarrilean bere burua presidente izendatu zuenetik, militarren atxikimendua bilatu nahian aritu da Guaido. Etengabe saiatu da, eta etengabe huts egin du. Desertzio puntual batzuk gertatu dira, baina armadak Maduroren gobernuaren aldamenean jarraitzen du gaur den egunean. Guaidok ezin du Maduro bota militarren babesa pitzatu gabe, eta orain arte ez du lortu. Hori lortzeko asmoz antolatutako efektu kolpe mediatiko bat izan da azkeneko altxamendu hau ere, oraingoz ezerezean gelditu dena. Gero ezagutu da, gainera, militar horiek eta Guaido kuarteletik kanpo zeudela, baina hasierako efektu mediatikoa izan da kuartela haien esku balego bezala aurkeztea. Datu bat: altxamendurako deia egin duten kuartel militar hori oposizioaren gotorleku den Chacao auzotik gertu dago, eta ez da kasualitatea; oposizioko herritarren babesa ziurtatua zuten leku batetik gertu zegoen base militar bat bilatu dute agerraldirako eta antzerkia hasteko.

Laugarren ekitaldia, astearte eguerdia: hasi dira herritar batzuk kalean biltzen, batez ere Chacaoko auzo inguru horretan, Guaidoren deialdiari jarraituz. Ustez, Miraflores jauregiraino (gobernuaren egoitza) iristeko asmoa zuten. Kuarteletik kilometro bat harago dagoen plaza batean ekitaldi bat egin dute Lopezek eta Guaidok, Altamiran. Eta kito. Hor bukatu da antzerkia: estatu kolpea hasi den kuartel ataritik kilometro batera. Harrezkero desagertu egin da Guaido —sare sozialetan idazten jarraitu du, eta iluntzean bideo grabatu bat zabaldu, kalean jarraitzera dei eginez—, eta Leopoldo Lopezek Txileko enbaxadan aterpea hartu eta asiloa eskatu du; Espainiako enbaxadara joan da gero handik, bere familiarekin.

Laugarren ekitaldia (epilogoa, oraingoz): Chacao eta chavismoaren kontrako jarrera tinkoa duten beste zenbait lekutan istiluak izan dira polizien eta herritarren artean. Europara eta mundura zabaldu diren argazkien eta bideo gehienen jatorria hor dago, Chacaoko auzo horretan. Protestak eta elkarretaratzeak herri askotan izan dira, baina Altamirako plazaren inguru horretan jazo dira istilu ia guztiak (chavismoaren kontrako istilu eta altxamendu gehienak jazo diren auzoetako bat da hori). 70 bat lagun zauritu dira, horietatik bi balaz, eta ia denak inguru horretan. Bestalde, altxamendurako deia egin duten kuartel hori hartzen saiatu dira herritarrak eta militar ale batzuk. Hesi bat bota dute, eta ibilgailu batzuei su eman, baina bere horretan baretu da protesta. Madurok jakinarazi du kuartel barruan zeuden bost militar zauritu dituztela protesta horretan, eta bi larri daudela. Horraino, orain arte dakiguna.

Edozer gauza gerta liteke Venezuelan, eta arriskutsua da etorkizuneko gertakariei buruzko igarpenak egitea, baina kolpea prentsarentzat pentsatutako eta militarrak altxatzera bultzatzeko antzerki bat izan da. Eta, alde horretatik, eta lehen kolpean behintzat, porrot egin du Guaidok. Eta bere burua kolpista gisa aurkeztuz eta preso bat askatuz, gainera, chavismoari aukera eman dio, nahiko balu, atxilotzeko. Besterik izango da Maduroren gobernua ausartuko ote den Guaido atxilotzen, atzerrian dituen babesak neurtuta, gisa horretako atxiloketa bat AEBen interbentziorako argudio ere bihurtu liteke eta. Bitartean, ustez Madurok Kubara ihes egiteko erabili behar zuen hegazkinak oraindik geldirik jarraitzen du, eta AEBek adierazi dute "aukera guztiak" dauzkala mahai gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.