'Wikileaks auzia'

Urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote Assangeri

Baldintzapeko askatasuna urratzea egotzi dio Londresko epaile batek. Bihar AEBen estradizioari buruzko auzialdia du; Washingtonek "infiltratzeko konspirazioa" leporatzen dio, bost urte arteko espetxealdia biltzen duen delitua.

Assange, gaur, epaitegira iristean. NEIL HALL / EFE
Berria
2019ko maiatzaren 1a
07:16
Entzun

Julian Assange epaile baten aurretik igaro da, eta hark 50 asteko kartzela zigorra ezarri dio, 2012an baldintzapeko askatasunaren baldintzak urratu zituela argudiatuta. Baldintzapeko neurri horiek Suediak eginiko atxilotze agindu batengatik ezarri zizkioten, eta atxilotze agindu hori bi emakumeren aurka ustez egin zituen sexu erasoengatik egin zuten. Assange apirilaren 11n atxilotu zuen Erresuma Batuko Poliziak, Ekuadorrek asilo politikoa kendu ondoren.

Assange bihar igaroko da berriz epaile baten aurretik, AEBen estradizioari buruzko auzialdia du; Washingtonek estradizioa nahi du, Wikileaksen jarduerengatik epaitzeko. "Infiltratzeko konspirazioa" leporatzen diote, bost urte arteko espetxealdia biltzen duen delitua.

Wikileaksek lehenbiziko agiri sekretua 2006an argitaratu zuen: Somaliako buruzagi islamista baten agindu bat gobernuko kideak hiltzeko. Sona handia izan zuen lehenbiziko dokumentua AEBetako armadaren 2007ko bideo bat izan zen, 2010ean argitaratua; Iraken, helikoptero batetik tiroka hemezortzi zibil hil zituzten.

2010ean bertan, bost egunkarirekin batera AEBetako 250.000 agiri diplomatiko inguru argitaratu zituzten, orain arteko argitalpenik ezagunena. 2016an Hillary Clinton AEBetako presidentegaiaren kanpainako mila mezu elektroniko baino gehiago argitaratu zituzten.

Wikileaks webgunea 2006an sortu zuten hainbat programatzailek, akademikok eta kazetarik. Sunshine Press enpresarena da webgunea. Assange izan da hasieratik Wikileaksen jendaurreko irudia. Webguneak estatuen agiri sekretuak lortzeko asmoa zuen filtrazioen bidez, eta horiek Interneten argitaratzekoa. Gardentasuna, informaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna aldarrikatzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.