Etxebizitza

Alokabideren egoitzaren parean kanpatu dute Bilbon, etxebizitza eskubidearen gauzatzea exijitzeko

Erakundeak etxebizitza eskubidea "sistematikoki" urratzen ari direla salatu dute, eta horren ondorioz, alokairuan bizi diren herritarren etxegabetzeak "izugarri" areagotu direla.

jarraia165851.jpg
2019ko maiatzaren 2a
16:25
Entzun

Alokabideren Bilboko egoitzaren parean kanpin dendak eta lo egiteko zakuak zabaldu dituzte. Etxegabetze prozesuek kaltetutako herritarren senideek hartu dute egoitzaren ataria, bizi duten egoera salatzeko. Etxegabetzeei aurre egiteko hitzarmenaren urratze "sistematikoa" salatu dute, Gizarte Bazterketa eta Esklusioaren Kontrako Plataformak eta Berri Otxoak-ek deitutako elkarretaratzean.

Hitzarmen horren arabera, epaileek ofizioz eman behar diete abisu udaletako gizarte zerbitzuei, etxegabetze kasu baten aurrean aurkitzen direnean. Udaletako gizarte zerbitzuek, berriz, zaurgarritasun txosten bat egin behar dute eta etxebizitza bat eskaini, Etxebideren bidez. Deitzaileek adierazi dutenez, udalek eta Eusko Jaurlaritzak ez dituzte betetzen dagozkien ardurak, etxebizitzarik ez dutela, nahikoa ez direla edo beharrei ez diela erantzuten argudiatuta.

Ohartarazi dutenez, erakundeak eta horiek kudeatzen dituzten alderdiak "nazioarteko hainbat ebazpen urratzen ari dira, Giza Eskubideen Europako Auzitegikoak edo NBEren Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Komiteak 2017ko ekainean onartu zuen txostena, esaterako".

Manifestariek salatu dute Eusko Jaurlaritzaren larrialdietarako 60 pisuak "inoiz ez" daudela erabilgarri. Hori dela eta, legez aurreikusitako larrialdi erabilera "ezerezean" gelditzen dela nabarmendu dute.

Plataformek gaineratu dute Eusko Legebiltzarrak 2015ean onartu zuen Etxebizitza Legea ere "urratzen" ari dela Jaurlaritza. "Kudeaketa publikoko etxebizitza parkea geldiarazita dago eta ez dira neurriak hartzen alokairuko burbuila espekulatiboaren kontra". Horren ondorioz, alokairuen prezioa asko garestitu dela salatu dute —1.096 eurokoa da batez beste EAEn—. Pisu turistikoen kopurua biderkatu egin dela ere ohartarazi dute. "Berehalako neurriak" eskatu dituzte "etxegabetzeak geldiarazteko" eta "etxebizitza duinerako eskubidea" bermatzeko.

Bestalde, gaurko elkarretaratzearekin elkartasuna adierazi nahi izan diote Maria Jose Porrinori. Bi aste daramatza Irungo udaletxearen parean akanpatuta, 12 urteko bere alabarekin, "etxebizitza duin" bat erraztu diezaioten. Porrinok bularreko minbizia du eta lanean gaixoaldian dagoenez, dituen baliabideekin alokairu bat ordaintzea ezinezkoa zaiola adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.