Fant jaialdia

Fred Dekker gidoigile eta zuzendaria omenduko du Fant jaialdiak gaur

Gaur egingo dute Fant Bilboko Zinema Fantastikoko jaialdia hasteko ekitaldia, Bilboko Campos antzokian, eta bertan jasoko du Fantastikoaren Izarra ohorezko saria.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko maiatzaren 3a
13:46
Entzun

1980ko hamarkadako beldurrezko komediarik onenen egilea da Fred Dekker (San Frantzisko, AEB, 1959). Nerabeentzako beldurrezko hainbat film egin zituen orduan: Night of the Creeps eta The Monster Squad dira ezagunenak. Bi horiek izan ditu hizpide gaur goizean egin duen ekitaldian. “Bi pelikula hauek egin nituenean, ez zuten arrakastarik izan. Jendea ez zen zinemetara joaten, ez zituztelako gazteentzako film gisa sailkatu. Orain badago halako nostalgia bat orduko garaietan egindako lanena, eta horregatik daude nire filmak boladan: gazte garaietan ikusten ditugun filmak dira gehien hunkitzen gaituztenak”. Aipatutako bi filmez gain, bestelakoak ere ondu ditu zinegileak: Ricochet (1991) eta RoboCop3 (1993), kasurako.

Shane Blackek zuzendutako The Predator (2018) filmaren gidoia izan da egin duen azken lana, eta oso kritika txarrak jaso zituen sare sozialetan. “Sare sozialek filmak hiltzen dituzte. Ehunka iritziak plazaratzen dira bertan eta elur bolaren efektua sortzen dute. Oso zaila da zurrunbilo horretatik ihes egitea, iritziak egitate bihurtzen direlako. Esango nuke, gaur egun, kritikek filmek baino garrantzia gehiago hartzen dutela”. Jarraitzaile “toxikoak” ere aipatu ditu zuzendariak. “Jarraitzaile askok muturreko jarrerak hartzen dituzte, eta lan baten bertsio berri bat edo saga baten jarraipena kaleratzen bada eta gustuko ez badute, haren kontra egiten dute duten indar guztiarekin”. Umoretik azaldu du halako zerbait gertatu zitzaiola RoboCop 3 lanarekin.

1990eko hamarkadatik ez dut lanik zuzendu, eta aho bilorik gabe aipatu du gaia. “Oso sinplea da: pelikulak egin badituzu eta arrakasta baldin badute, ekoizpen etxeek berriz deitzen zaituzte, filmak egiten jarrai dezazun. Baina arrakastarik ez baduzu, ez dago deirik. Nahiko nuke zuzendariaren eserlekuan berriz eseri”.

Irekiera ekitaldiaren ondoren, Joe Penna zinegile brasildarraren Artico filma jarriko dute, eta hamar euskal sortzailek ondutako film laburren emanaldiarekin bukatuko dute gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.