FRANKISMOA

Bernadek ez dio helegitea jarriko bere kontrako epaiari, prozesua "manipulatua" dagoela iritzita

Epaileak urtebeteko espetxealdia eta 3.000 euroko isuna ezarri zizkion dokumentalistari, meza frankista bat grabatzeagatik Iruñeko Erorien Monumentuan.

Clemente Bernad, gaurko agerraldian. IñIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko maiatzaren 3a
09:51
Entzun

"Karta guztiak markatuta daude, eta ez naiz joko horretan sartuko". Clemente Bernad argazkilari eta dokumentalista iruindarrak ez du prozesu judiziala gehiago luzatu nahi, eta ez du helegiterik aurkeztuko urtebeteko espetxealdia eta 3.000 euroko isuna ezarri dizkion sententziaren kontra.

2016an, meza frankista baten irudiak grabatu zituen Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan, horretarako bideo kamera txiki bat ezkutatuta. Meza horiek antolatzen dituen elkarte erlijiosoak, Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaidiak, salaketa jarri zuen Bernaden kontra, kideen intimitatea urratu zuelakoan. Gaurko agerraldian, Bernadek onartu du irudiok grabatu zituela, baina salatu du prozesu osoa "manipulatua" egon dela: "Mezak grabatu nituen, interes politiko handiko jarduerak izanda ez baitakigu ezer haietaz; horregatik erabili nuen kamera ezkutua. Azpijoko izugarri baten biktima izan naiz. Argi dago manipulazio handi bat izan dela hau guztia; hortaz, ez dut joko honetan jokatzen segitzeko inongo asmorik".

Hala, Bernadek gaineratu du "planto" egitea erabaki duela: "Zigorraren betebehar guztiei aurre eginen diet, baina ez arrazoia aitortzen diedalako, baizik eta balizko helegite batek ez lukeelako aurrera egiteko inongo aukerarik izanen; hortaz, uko eginen diot joko burokratiko eta judizialari".

Prozesua "errotik kutsatua"

Dokumentalistak aitortu du "atsekabetuta" dagoela prozesuaren nondik norakoak ezagututa: "Epaiaren arabera, gauza bera da grabatzea udalaren kripta batean edo norbaiten egongelan". Bernadek gaineratu du "beti" zaindu duela pertsonen intimitatea, baina "interes orokorra" eta "gizarteak jakin beharrekoa" lehenesteko deia egin du.

Xehetasunak ere eman ditu Bernadek. Esan du, besteak beste, ikerketa polizialaren arduraduna Daniel Rodriguez izan zela, Espainiako Poliziak Nafarroan zuen burua. Rodriguezek dimititu egin behar izan zuen, sare sozialetan Francoren eta Tejeroren aldeko mezuak idazteagatik. Bestalde, azpimarratu du epaiketak iraun zuen bitartean hainbat lekukok "gezurra" esan zutela: "Irregulartasunez betea egon da auzia".

Erakunde publikoen jarrera motz gelditu dela ere esan du argazkilari iruindarrak: "Gehiago egin zezaketen auzi honetan".

Iruñeko 3. Zigor Auzitegiko epaileak zigortu zuen Bernad: urtebeteko kartzelaldiaz eta 3.000 isunaz gain, 1.200 euroren kalte-ordaina ere pagatu beharko dio kongregazio erlijiosoko kide bati, "kalte moralengatik". Anaidiko kide horrek salaketa jarri zuen Bernaden lankide eta emazte Carolina Martinez dokumentalistaren kontra ere, baina epaileak atzera bota zuen, haren kontrako frogarik ez zegoela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.