Erresuma Batua

Mayk eta Corbynek aitortu dute behera egin dutela 'brexit'-aren ondorioz

Ingalaterrako 248 udaletan eta Ipar Irlandan bozak egin zituzten atzo. Udal horietatik 236tan jakinarazi dituzte emaitzak oraingoz, eta beherakada nabarmena izan dute Alderdi Kontserbadoreak eta Alderdi Laboristak. Liberal demokratek gora egin dute.

Vince Cable Alderdi Liberal Demokratako burua, kanpainako ekitaldi batean. ANDY RAIN, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 3a
09:50
Entzun

"Atzoko hauteskundeetako mezua argia izan da guretzat eta Alderdi Laboristarentzat: jarraitu aurrera eta lortu brexit-a gauzatzea". Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak aitortu du brexit-aren inguruan egindako kudeaketa kaskarrak eragin duela kontserbadoreen beherakada atzoko udal bozetan. 248 udaletako 8.245 aulki zeuden jokoan —Galesen eta Eskozian ez zuten bozik izan, ezta hiri batzuetan ere, tartean Londresen eta Birminghamen—. Udal horietako 236tan jakinarazi dituzte emaitzak oraingoz, baina joera argia erakutsi dute: tory-en eta laboristen beherakada, eta brexit-erako bigarren erreferendum bat proposatu duten indarren igoera.

Lehen zenbaken arabera, 1.240 hautetsi galdu dituzte kontserbadoreek, eta 76 laboristek —4.901 eta 2.105 zituzten, hurrenez hurren—. Alderdi Liberal Demokratak, aldiz, buelta eman dio 2015eko beherakadari: 625 hautetsi gehiago lortu dituzte oraingoz —647 zituzten—. Gora egin dute Berdeek eta independente eta bestelakoek ere: 71 eta 518 aulki zituzten hurrenez hurren, eta 183 eta 581 gehiago lortu dituzte. Liberal demokratek eta Alderdi Berdeak, biek defendatu dute brexit-aren inguruko bigarren erreferendum bat egitea.

"Une zaila da kontserbadoreentzat", aitortu du Mayk, eta hautesleek brexit-a kudeatzeko modua zigortu dutela azaldu du. Lehen ministroak dei egin die alderdikideei "arduraz jokatzera", "benetan historikoa den zerbait" egiteko "ardura eta pribilegioa" dutela gogora ekarriz. Irakurketa bera egin du Jeremy Corbyn laboristak ere: "Parlamentuak konpondu egin behar du hau [brexit-erako akordiorik eza]. Uste dut oso argi dagoela".

Aurreko bozak 2015ean izan ziren, hauteskunde orokorren egun berean, eta hori sekulako bultzada izan zen tory-entzat, 500 zinegotzi baino gehiago lortzeaz gain Komunen Ganberan gehiengo osoa erdietsi baitzuten.

Ipar Irlandako emaitzak, bihar

Ipar Irlandan, eskualde mailako 11 kontseiluetako 462 kideak aukeratu behar zituzten atzo. Bihar arte ez da espero, ordea, behin betiko emaitzak jakiterik. Bi urte pasatxo dira gobernurik gabe daudela, eta egoera horrek zalantzan jarri du Ostiral Santuko Akordioaren egonkortasuna eta etorkizuna. Horren erakusletzat dute Ipar Irlandan indarkeriak gora egin izana, Lyra McKee kazetariaren heriotza adibide; Irlandako Armada Errepublikano Berriak hil zuen, iragan apirilaren 18an. Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) eta Sinn Feinen arteko lehia izango da arreta gune nagusia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.