Venezuela

Venezuelako kanpo esku hartzea salatu eta "iraultza defendatzera" deitu dute Bilbon

Ehunka lagun elkartu dira Bilbon, Euskal Herria Venezuelarekin ekimenak deituta.

Bilboko manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
2019ko maiatzaren 4a
20:22
Entzun

Venezuela aurrera. Kolpeari ez lelopean egin dute protesta Bilbon. Ehunka lagun elkartu ditu Euskal Herria Venezuelarekin ekimenak antolatutako mobilizazioak, eta estatu kolpe saiakerak, AEBen eta EBren kanpo esku hartzea eta "gerra" salatu dituzte, Iraultza Bolibartarra defendatzeko deia egiteaz batera. Eliptika plazatik hasi, eta Arriaga antzokiaren aurrean amaitu da protesta. Venezuelako banderak eta ikurrinak eraman dituzte manifestariek, besteak beste. Aurrez, elkarretaratzeak ere egin zituzten asteon, azken estatu kolpe saikera gaitzesteko; besteak beste, Donostian, Iruñean eta Gasteizen.

"Iraultza Bolibartarra defendatzeak Venezuelako herriaren burujabetza eta herritarren bizitzak defendatzea esan nahi du, guztiz aurkakoa bilatzen duen sistema politiko baten aurrean", azaldu dute Euskal Herria Venezuelarekin ekimeneko kideek. Izan ere, AEBak eta Venezuelako oposizioa "gobernu txotxongilo bat" ezarri nahian ari direla ohartarazi dute, "Latinoamerikako gobernu sateliteekin, komunikabide handiekin eta EBko zenbait aktore politikoren konplizitatearekin batera —Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua barne—".

Horien guztien helburua Iraultza Bolibartarra geratu eta Venezuelako petrolioa, gasa, koltana eta urrea "botere korporatiboaren esku" uztea dela kritikatu dute. "Prozesu bolibartarrak baliabide naturalen kontrola berreskuratu du, ikusezinak ziren milioika herritar ahaldundu, eskubide sozialak bermatu, demokrazia parte hartzaile eta protagoniko bateralp mekanismoak garatu, eta Latinoamerikako herrien integraziorako elkartasun mekanismoak bultzatu ditu, besteak beste". Prozesu horren aurka, "bost urteko gerra ekonomikoa", oposizioko talde "faxisten bortizkeria", eta estatu kolpe eta magnizidio saiakerak erabili dituztela ekarri dute gogora, eta ohartarazi dute "azeleragailua sakatu" duela Donald Trumpen gobernuak. Egoera kontuan hartuat, dei egin dute datozen asteetan ere Iraultza Bolibartarra babestera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.