Alcorcon 0-0 Osasuna

Gaur ez, baina laster

Osasunak puntu bat urratu du Alcorconen, partida oso deseroso batean, baina ezinezkoa du jardunaldi honetan mailaz igotzea

Roberto Torres atsekabe keinua egiten, partidako azken minutuan huts egindago aukeraren ondoren. R. J. / EFE
2019ko maiatzaren 5a
11:16
Entzun

Alcorcon    0
Osasuna    0
Alcorcon. Dani JImenez; Laure, E. Burgos (Rodas, 32. min.), David Fernandez, Bellvis, Marco Sangalli, R. Boateng, E. Israfilov, Borha Galan  (Nono, 60. min.), Juan Muñoz eta Victor Casadesus (Pereira, 76. min.).
Osasuna. Ruben, Nacho Vidal, Unai Garcia (Aridane, 37. min.), David Garcia, C. Clerc, Roberto Torres, Luis Perea (Oier, 75. min.) Fran Merida, Rober Ibañez, Juan Villar (Barja, 65. min.) eta Brandon.
Epailea. Lopez Toca. Txartel horiak: Alcorconeko Bellvis, Pererira, Jimenez eta Boatengi; eta Osasunako Oier eta Vidali. Osasunako medikua egotzi zuen (63. min.).
Bestelakoak. 3.210 ikusle Santo Domingon.

Alcorconen zelaiak lizpapera zirudien. Metaforikoki zein fisikoki. Fisikoki, belarra luze, lehor eta lakar zegoelako. Jokatzea zaila zen, eta min hartzea erraza. Eta metaforikoki Osasunak partida desatsegina izan duelako. Alcorconek oso deseroso jokatzera behartu du, eta gorritxoek une bakar batez ere ez dute gozatu eguzki biziaren azpian. Eta, hala ere, puntu bat lortu zuten atzo, puntu baliotsua. Izan ere, gozatu ez arren, eta ostikaden eta  zanpaturiko oinen mina albo batera utzita, Osasunak ez duelako sufritu. Berdinketaren ondoren ezinezkoa du Lehen Mailarako igoera gaur matematikoki ziurtatzea, baina eskura du, ez du ihes egingo, eta gaur ez, baina laster izango da. Hurrengo astean agian, jokatu gabe, edo bi aste barru, Cadizen.     

Osasunak ez zuen ondo jokatu atzo Alcorconen, baina hala ere irabazteko aukera izan zuen. Duela bi aste Elxen gertatu bezala, arauzko denbora bukatuta Roberto Torresek gol aukera garbia izan zuen (93. min.). Elxen, santuak, sartu egin zuen, atzo, aldiz, Jimenez atezainak gorputzarekin gelditu zuen jaurtiketa. Baloia ateko marraren gainean gelditu zuen, zentimetro kontua. Sartu izan balitz, Iruñeko tabernariak hozkailuak betetzen hasiko ziren gaur egon zitekeen festarako. Baina ez, eta, bide batez, geldiketak justizia egin zion zelai gainean ikusitakoari.

Partida eskasa izan zen, baina saria ona, bai behintzat Jagoba Arrasateren ustez. "Jendea irrikan dago, baina hau puntu ona da, partida kaskarra egin dugulako. Helburua gertuago dago". Osasunari pragmatikoa izateko garaia iritsi zaio, eta horrek bihurtzen du on emaitza. Lehen zatian, izan ere, ez zuen aukera on bakar bat ere izan. Alcorconek ere ez, baina etxekoak gehiago izan ziren grinari esker. Hori gutxi ez, eta lehen zatian talde bakoitzeko erdiko atzelari banak min hartu zuten. Biek ere belaunean, hein handi batean zelai lehorraren erruz. Unai Garciak herrenka  joan zen aldageletara, ikusi behar bere lesioa larria den edo ez.

Alcorconek ezer gutxi zuen jokoan, 11. da, eta hala ere oso oldarkor jokatu zuen. Talde fisikoa da eta jokoa lakartu zuen. Osasuna goian presionatu zuen, baina ez zuen presioaren fruiturik baliatu. Gorritxoak itota egon ziren 75 minutuz, baina azken txanpan lortu zuten arnas pixka bat hartzea, eta Alcorconen nekea baliatuz bi gol aukera izan zituzten. Bietan garbiena, Torresena, baina ez zen eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.