Palestina

Bederatzi palestinar hil ditu Israelek Gazan

Hiru israeldar ere hil dute, Gazatik botatako suziri batekin. Gaza bonbardatzen ari da Israel, eta 40tik gora zauritu eragin ditu asteburuan. Besteak beste, 14 hilabeteko haur palestinar bat hil dute.

Bonbak Gazan, bart gauean. MOHAMMED SABER, EFE.
2019ko maiatzaren 5a
08:44
Entzun

Atzotik hona, bederatzi palestinar eta hiru israeldar bat dituzte. Gaza bonbardatzen ari da Israel, eta 14 hilabeteko haur bat eta haren ama hil zituzten larunbatean Gaza ekialdean, etxean zeudela -ama haurdun zegoen-. Saba Mahmud Abu Arar zen haurraren izena. Gazako Osasun Ministerioak berri eman duenez, 22 urteko gazte bat ere hil zuten bonbardaketetan, eta beste bi zendu dira gaur, 24 eta 26 urtekoak; armatuta zeudela esan du Israelek. Hamed Ahmad al Jodari Hamaseko komandantea ere hil dute, beste hiru palestinarrekin batera.

Gazatik suziriak bota dituztela salatu du Israelek; hiru hildako izan dira denera, Ashkelon hirian. Gaur goizean, "terroristen aurkako eraso masiboekin" jarraitzeko agindua eman duela jakinarazi du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak.

Jihad Islamikoak, bere aldetik, ohar bat atera du Eurovision ekitaldia Israelen egitea salatuz. Ohartarazi dute "etsaiak palestinar narratiba azpiratzeko festibala ospatzea galaraziko" dutela.

Maiatzaren 15ean da Israelgo Estatuaren sorreraren urtemuga, Nakba edo Hondamendia palestinarrentzat. Iaztik, Itzuleraren Martxak egiten ari dira, eta ostiralero ari dira mobilizatzen palestinarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.