Hartzak

Hartzak artalde bati eraso egin diola salatu dute Uztarrozen

Nafarroako Gobernuko basozainek esan dute hilik agertu diren bi ardietako batek hartzaren erasoak eragindako zauriak izan daitezkeenak dituela. 

'Sorita', Pirinioetako Parke Naturalean, Biarnon.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko maiatzaren 6a
15:33
Entzun

Uztarrozko (Nafarroa) artzain batek atzo topatu zituen bere artaldeko ardi bi hilik. Nafarroako Gobernuaren arabera, Claverina hartzaren erasoa izan daiteke. Basozainek ikusi dituzte, eta esan dute ardietako batek hartzaren erasoak eragindako zauriak izan daitezkeenak dituela. Bestea putreek janda dagoela esan dute. Claverinak astebetean egindako bigarren erasoa da Euskal Herrian. Joan den astean Larraineko (Zuberoa) laborari batek salatu zuen bere artaldeari eraso egin ziola hartzak: ardi bat hil zion. Erasoa astelehenean izan zen, apirilaren 29an.

Claverina joan den urrian Frantziako Gobernuak Esloveniatik ekarritako bi hartz emeetako bat da. Negua Aragoiko (Espainia) kobazulo batean igaro ondoren, martxotik dabil batera eta bestera. Apirilean iritsi zen Euskal Herrira: lehenengo Nafarroa aldean ibili da eta ondoren Zuberoara igaro zen.

Beste hartzak Sorita du izena. Joan den astean iragarri zuten Frantziako agintariek bi hartz kumerekin ikusi dutela Ardiden gailurraren inguruan (Sazosen, Pirinio Garaiak, Frantzia). Sorita-k eta Claverina-k geolokalizadorea duen lepoko bana dute. Hari esker jakin daiteke nondik ibili diren, baina ez dute unean uneko informaziorik ematen. Adituen arabera, Claverina tenperatura epelagoen bila etorri da Euskal Herrira. Adituek ez dute uste Sorita asko mugituko denik, kumeekin dabilelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.