Artea

Ruiz Balerdiren 217 margolan hartu ditu Gordailuak

Bilboko Arte Ederren museoan zeuden lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko museoak eta margolariaren legatuaren oinordekoak egindako lankidetza hitzarmenaren ondorioz, Gordailuan egongo dira aurrerantzean.

Gordailura eraman duten Ruiz Balerdiren margolanetako bat. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 6a
13:54
Entzun

Rafael Ruiz Balerdi euskal artistaren 217 margolan Bilboko Arte Ederren museotik Gordailura, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentrora eraman berri dituzte. Museoak, aldundiak eta margolariaren legatuaren oinordekoa den Hilde Kochek sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorio da leku aldaketa, eta hala, zentro horretan gorde eta kontserbatuko dira obra horiek aurrerantzean.

Arduradunek azaldu dutenez, apirilaren 8, 9 eta 10ean eraman zituzten obrak Bilboko museotik Irunen (Gipuzkoa) dagoen zentrora. Prozesu "konplexua" izan dela adierazi du Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendariak, margolanak non kokatu planifikatzeaz gain, horiek garraiatu, erregistratu, kontserbatze egoera aztertu eta beste hainbat lan egin behar izan baitituzte. Bilboko museoarekin elkarlanean aritu da Gordailua zeregin horietan. Lehen solairuko biltegietako batean daude gehienak, elkarrengandik gertu. 

Hamar urteko iraupena izango du lanok Gordailuan jasotzeko hitzarmenak, eta zabalik utzi dute epe hori luzatzeko nahiz obra gehiago jasotzeko aukera. Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi duenez, Ruiz Balerdiren obra kontserbatzea ez ezik, zabaltzea ere badu helburu leku aldaketak, bai herritarrentzat bisita gidatuak antolatuz, bai erakusketa jakinen bidez, bai hainbat museori obrak maileguan utziz. Halaber, aldundiak konpromisoa hartu du Koldo Mitxelena Kulturunean margolariaren inguruko erakusketa bat antolatzeko, eraikina zaharberritzen dutenean.

Bestalde, Ruiz Balerdiren paper gaineko obren katalogo arrazoitu bat egiteko asmoa ere iragarri dute arduradunek. Bilboko museoan dago gorderik bere obra grafikoaren gehiengoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.