Funtzio Publikoko langileak grebara deitu dituzte sindikatuek Ipar Euskal Herrian

Ostegunean deitu dituzte grebara CFDT, CGT eta FO sindikatuek, Macronen gobernuaren funtzio publikoaren erreformaren aurka.

FO sindikatuko kideak martxoan Baionan, Frantziako Gobernuaren politiken kontrako lanbide arteko greban. GUILLAUME FAUVEAU
2019ko maiatzaren 6a
07:16
Entzun

CFDT, CGT eta FO sindikatuek prentsaurreko bateratua egin dute gaur Baionan funtzio publikoko langileak ostegun honetan greba egitera deitzeko. Haien hitzetan, Macronen gobernua zerbitzu publikoak pixkanaka "suntsitzen" ari da, gero eta baliabide gutxiago dituzte eta langileen lan baldintzak "okertzen" ari dira. Zentzu horretan, Frantziako Gobernuak gauzatu nahi duen funtzio publikoaren erreforma "eraso" berri bat da. Baionan, 10:30ean eginen dute manifestazioa, Lan Burtsatik abiatu eta Pirinio Atlantikoetako suprefekturaraino. LABek ere mobilizazioan parte hartzera deitu du.

Ospitaleko bi langilek hartu dute hitza gaurko prentsaurrekoan, besteak beste. "Diskurtsoan besterik badiote ere, urtez urte baliabide gutxiago dugu", salatu du Franck Calleja CFDTko kideak. "Baionako ospitalean, erreanimazio zerbitzuan, sei erizain eta hiru artatzaile kendu dizkigute", deitoratu du. "Etengabeko negoziaketan gara, lanpostu bakoitza borroka bat da". Zahar etxeetako egoera ere "dramatikotzat" jo dute, eta azpimarratu dute geriatria zerbitzuan 40 langile geldituak direla gaur egun lan baldintzen ondorioz. "Ospitale publikoak, etxegintzako obretan baino langile gehiago kolpatzen du gaur egun".

Funtsean, funtzio publikoko langileek ere prekarietatea bizi dutela salatu dute. "Eros ahalmena ere aipatu behar da. Gutako anitzek biziki lansari apalak dituzte. Badira funtzio publikoan 30 urte hauetan lanean ari diren batzuk 1.300 euroko lansaria dutenak”, deitoratu du Denis Dartigoueyte CGTko kideak. Frantziako Gobernuarekin elkarrizketarik ez dela erranez bukatu du Michel Larralde CFDTko buruak: “Sindikatuak baztertu nahi izan gaitu, eta orain, karrika du parean Jaka Horien mobilizaziorekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.