Espainia

Iglesiasek uste du Sanchezekin akordio batera heltzeko moduan dagoela

Unidas Podemoseko liderra "baikorra" da, eta, aurrera egiteko, zuhurtasuna, lasaitasuna eta diskrezioa eskatu ditu.

Pedro Sanchez Pablo Iglesiasi harrera egiten, gaur, Moncloan. LUCA PIERGIOVANNI / EFE
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 7a
07:20
Entzun

Duela hamar egun Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin eta gero, Espainiako alderdi nagusietako buruekin biltzen jarraitzen du Pedro Sanchez (PSOE) Espainiako jarduneko presidenteak. Atzo Pablo Casadorekin (PP) batzartu baldin bazen, gaur goizean Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea hartu du Moncloan, eta arratsaldean Iglesias Unidas Podemoseko idazkari nagusiaren txanda izan da. "Ados jartzean jarri gara ados", adierazi du Iglesiasek, bileraren ondoren, prentsaren aurrean egindako agerraldian. Bi orduz mintzatu da Sanchezekin.

Iglesiasentzat, "indar progresistak" elkar ulertzera behartuta daude "Espainiaren etorkizunari aurre egiteko", eta, haren hitzetan, jarduneko presidenteak ere bat egiten du uste horrekin. Unidas Podemosek gobernuan sartu nahi du, PSOErekin koalizio bat osatuz. Sozialistek, ordea, bakarrik gobernatu nahi dute, eta, gehienez, akordio programatikoak atera nahi ditu aurrera Unidas Podemosen 42 diputatuekin. Iglesiasi horri buruz galdetu diote, baina ez du ezer aurreratu. Nabarmendu du, hori bai, abiapuntua "ona" izan dela.

Sanchezek ez du jakinarazi Kongresuan ordezkaritza lortu duten beste alderdiekin ere bilduko ote den inbestiduraren aurretik, baina Iglesiasek azpimarratu du "aktore politiko guztiekin" hitz egin behar dela, eta Sanchez ados dagoela. "Elkarrizketak gehiegizko antzezpena ordezkatu beharra dauka aro politiko barruan", nabarmendu du Unidas Podemosekoak.

Rivera eta Sanchezen arteko bilera, bestetik, laburragoa izan da: 50 bat minutu iraun du. Ciudadanosekoak PSOEren alternatiba gisa aurkeztu du bere burua, "PPren desegitearen aurrean". Halere, Ciudadanosen diputatuak eskaini dizkio Sanchezi, Katalunian 155.a artikulua berriro ezartzeko.

Balizko inbestidurari dagokionean, Sanchezen izendapenaren kontra bozkatuko duela baieztatu du Riverak, atzo Casadok egin moduan.

Casadok atzo egin zion eskariari buruz ere mintzatu da Ciudadanosekoa. PPko buruak Riverari eskatu zion Sanchezen inbestiduran abstenitzeko, PSOEren gobernua alderdi independentisten "menpeko" izan ez dadin. "Nahikoa du Casado jaunak duenarekin, hari behatza begian sartzeko", adierazi du. Riverak gaineratu du "espainiarrengatik kezkatuago" dagoela "PPren barne krisiarekin eta hauteskunde desegitearekin baino". Horrez gain, Ciudadanoseko buruak kritikatu egin du Casadok egin nahi ez duen zerbait berari egiteko eskatu izana.

Ciudadanoseko buruak ziurtzat jo du Sanchezek Unidas Podemosekin osatuko duela gobernua, eta Ciudadanosek oposizio "indartsua eta zaintzailea" egingo duela iragarri du. Hala ere, Moncloak jakinarazi duenez, Sanchezekin adostu du Kataluniako egoerari jarraipena egiteko "komunikazio jarraia" izatea.

Espainiako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, Sanchezek eta Riverak "hainbat estatu auzitan" adostasunak bilatzeko aukerak ikusten dituzte. Besteren artean, migrazio politiketan, trantsizio ekologikoari eta energiari dagozkion neurrietan, zientziaren alorrean eta despopulatzeari aurre egiteko proiektuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.