Literatura

'Irautera' poema liburua plazaratu du Castillo Suarezek

Basoari lotutako irudiak dira nagusi poemetan, eta, horien bidez, sentimenduez eta giza harremanez mintzo da idazlea. Zazpi urteko isilunearen ostean eman du lan berria argitara.

Castillo Suarez idazlea, lan berria eskuetan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko maiatzaren 7a
07:26
Entzun

Iratze baten irudia ageri da Castillo Suarezen Irautera liburuaren azalean. Basoari lotutako iruditeria da nagusi barruan ere, poemak bere sorterrian —Altsasun (Nafarroa) eta inguruetan— kokatu baititu idazleak. Eta baso horretan barneratuta, "irauteari buruzko liburu bat" ondu duela azaldu du egileak. "Galera baten ondotik, edo abandonuaren ondotik edo txikizio baten ondotik gelditzen direnak... irauten duten horiei buruzko liburu bat da". Poemetan aipatzen diren zuhaitzek eta landareek "hari bat" osatzen dute, pieza guztiak josten dituena, poemen arteko loturak egiten dituena. Horregatik, orain arte plazaratu izan dituen lanetatik "liburuena" hauxe dela iritzi dio. "Iruditzen zait nire poema liburuetan liburuena hau dela; igual beste batzuetan poema sortak egin ditut, baina kasu honetan badago hari bat, eta alde horretatik badut sentsazioa liburua egin dudala, eta ez poema bilduma soil bat". Elkar argitaletxearekin plazaratu du lana, eta Xabier Mendiguren editorea alboan zuela aurkeztu du, Donostian.

Lau ataletan banatu ditu liburuko poemak, kapitulu bakoitzean hamabost bilduta. Azaldu duenez, aurretikako irakurketak eta gogoetak aparte utzita, bi hilabeteko lana izan zen liburua idaztea, eta egunean poema bat idatzi zuen, 60 orotara. Atal bakoitzaren hasieran, poeta banaren esaldi edo poema zati bat jarri du, eta azaldu du horiek eta beste batzuk izan dituela erreferentzia liburua idazterakoan. Emakumezko poeta galegoak aipatu ditu lehenik —Olga Novo, Yolanda Castaño, Maria do Cebreiro, Chus Pato...—, "beraien inguruarekiko oso harreman zintzoa dutela" iruditzen zaiolako. Horiez gain, bi euskal idazleren liburuak ere "berreskuratu" ditu: Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari (Susa, 1995) eta Jon Gerediagaren Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015, Pamiela).

2012an argitaratu zuen Castillo Suarezek Urtebetetze festa (Elkar), eta ordutik hona haur literaturako hainbat lan nahiz prentsarako artikulu idatzi baditu ere, orain arte ez zuen beste poesia lanik plazaratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.