Osakidetzako oposizioen auzia

Epaileak atzera bota du oposizioen auzian Osakidetza kaltetu gisa aurkezteko eskaera

Epaileak osasun zerbitzuari ohartarazi dio bera izan daitekeela ikertzen ari diren delituen erantzule zibila.

Nekane Murga Osasun sailburua, aurreko sailburu Jon Darponekin. JAIZKI FONTANEDA (FOKU)
jokin sagarzazu
2019ko maiatzaren 7a
07:18
Entzun

Osakidetzak kaltetu gisa — herri akusazio gisa— aurkeztu nahi du bere oposizioen auzian, baina kasua ikertzen ari den epaileak atzera bota du eskaera, argudiatuta Eusko Jaurlaritzaren osasun zerbitzuak bere aurkako balizko kalterik ez duela frogatu. Ikerketak aurrera egin ahala halakorik erakutsiko balu, aukera izango luke auzibidean parte hartzeko.

Yolanda Varona instrukzio epaileak uste du oraindik ez dagoela argi zein den Osakidetzaren rola prozesuan. Are gehiago: bere erabakiarekin osasun zerbitzuari ohartarazi dio bera izan daitekeela ikertzen ari diren delituen erantzule zibila. Ebazpen horren aurka helegitea jarri zuen osasun zerbitzuak aurreko astean.

Otsailean, Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiak tramiterako onartu zuen Carmen Adan EAEko fiskalburuaren salaketa. Hiru mediku akusatu zituen, hirurak Osakidetzako zuzendaritzako kideak: Giza Baliabideetako zuzendari ohi Juan Carlos Soto eta zuzendariorde Xabier Balerdi, eta Osasun Arretako zuzendari Andoni Arzelai. Epaileak ez du baztertzen beste norbait inputatzea.

Fiskaltzak bere salaketan nabarmendu zuen Osakidetzako zuzendaritzak irizpide objektiborik ez zuela jarri oposizioak prestatu zituzten kideak eta epaimahaikoak aukeratzeko orduan. Frogatu zuen berak ikertutako alorretan, besteak beste, zuzendaritzako kide batzuek zuzenean izendatu zituztela epaimahaiko kide batzuk, eta horien artean zeudela azterketa aurretik jaso zuten pertsona batzuen lankideak eta senideak. Etsamina egin aurretik ere langile batzuek salatu zuten filtrazioak egongo zirela, eta jarduteko modu hori aspaldikoa zela Osakidetzan.

Osakidetzaren interesak

Osakidetzak argudiatu du auzian parte hartu nahi duela ikerketako informazioa jasotzeko eta frogak proposatzeko. Instrukzioaren hasieratik parte ez hartzea bere interesentzako kaltegarria izan daitekeela azaldu du. Gaineratu du informazioa nahi duela baita osasun zerbitzuak har ditzakeen barrurako erabakiei begira ere.

Aldaketa prozesuan dago Osakidetza. Fiskaltzak salaketa jarri eta hilabete geroago, dimisioa eman zuen Jon Darpon osasun sailburuak. Aurretik, gauza bera egin zuten Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariak.

Apirilean, Osakidetzak hobekuntzak iragarri zituen oposizioetako azterketetan. Hamabi neurri; nagusienak, bi: zozketa bidez aukeratzea epaimahaiak, eta irizpide objektiboak zehaztea horko kide izan ahalko duten hautagaientzat. Halaber, proba teorikoak prestatzeko, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko adituengana jotzea proposatu du. Batzorde bat osatu dute legebiltzarrean, lan eskaintza publikoetarako eredu berria lantzeko.

Azterketetako emaitzak

Legebiltzarreko Osasun Batzordea bildu da astearte honetan, eta han EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Elkarrekin Podemosekin adostuta: epaitegietan dauden kasuak argitu arte iazko ekainean eginiko azterketetako emaitzak behin behinean eteteko eskatu dute. PP abstenitu egin da, eta ez du aurrera egin. EAJk argudiatu du legebiltzarrak ezin duela halakorik egin, uneoetan auzitegien esku dagoelako horri buruzko erabakia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.