NUP-eko bozak

Segida eta aldaketa, lehian

Errektorea hautatzeko hauteskundeak eginen dituzte bihar NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan Bi hautagai lehiatuko dira: Alfonso Karlosenaren taldetik dator Ramon Gonzalo; aldaketa nahi du, ordea, Maria Jose Beriainek.

NUPeko eraikinaren kanpoaldea. IñIGO URIZ, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko maiatzaren 8a
13:06
Entzun

Maiatzaren 26ko hauteskundeen aitzinetik, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek, ikasleek eta gainerako langileek botoa emateko aukera izanen dute bihar. Azken lau urteetan errektore izandako Alfonso Karlosenak iragan martxoaren 29an jakinarazi zuen uko egingo ziola bozetara berriz aurkezteari. Karlosenak ezezkoa iragarri ondotik, bertze bi hautagaien artean izanen da lehia: Maria Jose Beriain eta Ramon Gonzalo katedradunen artean. Karlosenaren ildokoa da Gonzalo: Ikerkuntzako errektoreorde izan da agintaldi honetan. Berainek, berriz, orain artean ez du izan inolako kargurik errektoretzan.

NUPen komunitatea osatzen duten eragile guztiek dute hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea: irakasleek, ikasleek zein administrazio eta zerbitzuetako langileek. Arrosadiako campusean, hauteskunde mahaiak 11:00etatik 18:00etara egonen dira irekita. Tuterako campusean eta Iruñeko Osasun Zientzien campusean, berriz, 12:00etatik 17:00etara. Bozketa itzuli bakarrean edo bitan eginen dute, emaitzaren arabera: lehen itzulian, hautagai batek bozen erdia baino gehiago lortzen baditu, zuzenean izanen da errektore. Lehenengo bozketan halakorik ez balego, ordea, bigarren itzulia eginen litzateke hilaren 24an.

Ezusteko erabakia izan da Karlosena hauteskundeetara aurkeztu ez izana. Errektoreak adierazi duenez, legealdi hasieratik erabakia zuen agintaldi bakarra eginen zuela karguan: «Ez dut kasurik ezagutu, ez unibertsitatean ez politikan, bigarren agintaldia lehenengoa baino hobea izan duenik».

Medikuntza, azkenean

Urteetako eskaerari erantzunez, datorren ikasturtetik aitzinera Medikuntza gradua eskainiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hori izan da Karlosenaren agintaldiko lorpenik handiena. Aldarrikapen historikoa izan da Nafarroan, orain arte Nafarroako Unibertsitatean —Opusek kudeatuan, hau da, pribatuan— baino ez baitira izan ikasketa horiek. Bestalde, ituna sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin, unibertsitatearen finantzaketa bermatzeko. Lau urteko ibilbidean, ordea, ez da dena erraza izan. Agintaldi hasieran, ikasleen protesta batean Foruzaingoa campusera sartzea baimendu zuen Karlosenak; bi gazte atxilotu zituzten.

Euskararen normalizazioan ere uste baino pauso gutxiago eman dituzte Karlosena errektore denetik. Iaz onartutako euskara planaren arabera, 1.689 kreditu eman beharko lituzkete euskaraz aurten. Hala ere, oraindik kopuru horretatik urrun daude.

«Baliabideak badaude, euskarazko eskaintza handituko dugu»

«Kristalezko sabaia hausteko» gogoz da Maria Jose Beriain hautagaia. Aldaketa ekarri nahi du NUPera: unibertsitate «parte hartzaileagoa» nahi du, eta bere marka ezagutaraziko duela agindu du.


JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Farmazian doktore eta katedraduna da Maria Jose Beriain (Bilbo, 1961). Ibilbide luzea egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 29 urte baitaramatza han lanean.

Azken bozetan zure izena bolo-bolo ibili zen hautagai posible gisa. Orduan ez eta orain bai?

Azken lau urteetan, aldatzeko grina nabaritu dut campusean. Denbora anitz daramagu zuzendaritza talde berarekin, eta bada garaia aldaketa bat egin, bide berria hasi eta jende berria sartzeko.

Nolako unibertsitatea nahi duzu?

Unibertsitate parte hartzaileagoa nahi dut, NUP pertsonen unibertsitatea izatea. Marka ezagutarazi nahi dut, jendea unibertsitateaz harro sentitzea.

Nafarroako Gobernuarekin unibertsitateko finantzaketa bermatzeko akordioa sinatu zuen Karlosenak iaz. Akordioa luzatzea da asmoa?

Noski, akordio hori beharrezkoa da. Nafarroako gizartearen garapena eta garapen ekonomikoa bultzatzea da unibertsitatearen egitekoa, eta, horretarako, beharrezkoak dira baliabide ekonomikoak. Diru publikoaz gain, kanpoko baliabideak ere behar ditugu bekak hobetzeko. Ezin da ikasteko gogoz dagoen inor aukerarik gabe utzi. Gizarte gisa porrota da hori.

Errektore hautatzen bazaituzte, zeintzuk dira martxan jarri beharreko neurririk premiazkoenak?

Orain dauden graduak bermatu eta indartzea, gradu berriak aztertzea, eta unibertsitateko komunitateari galdetzea zein berri behar diren. Unibertsitateko langileak, irakasleak zein administraziokoak, beraien lan ibilbidean laguntzeko plan berri bat egingo dugu. Burokratizazioa gutxitu behar da: paperek gain hartuta gabiltza, eta horrek ez digu uzten irakasle eta ikerlari onak izaten.

Kristalezko sabaia hautsi nahi duzula diozu.

Emakumeak lehen planora igarotzeko garaia ailegatu da. Unibertsitateko azkeneko berdintasun plana 2007koa da. Diagnostiko erreal bat egin eta berdintasun plan berri bat egiteko garaia da.

Eskaintza egokitu behar da?

Masterrak egokitu behar ditugu eta arreta berezia jarri doktoretzatan. Doktoreek unibertsitatean jarraitu dezaten bultzatu behar dugu. Belaunaldi aldaketa bat behar dugu unibertsitatean, irakasle batzuen batez bertzeko adina handia delako.

Zure programan aipatzen duzu euskararen erabilera bultzatu nahi duzula campusean. Zer neurri hartuko dituzu? 

Aurreikusi baino okerrago gaude. Egoerari buelta ematen saiatuko gara, unibertsitatean sartuko diren irakasle gazteen bidez. Euskararen eskaera igotzen ari da; plan bat egin behar dugu bermatzeko ikasleek euskaraz ikasten jarrai dezaketela. Bidezkoa da, bizitza guztian euskaraz ikasi baduzu, euskaraz jarraitzea.

Gaur egun, 1.689 kreditu soilik eskaintzen ditu euskaraz NUPek. Kopuru hori igoko duzu?

Kopuru erreala txikiagoa da. Beharrezko baliabideak badaude, handituko dugu, noski. Egia da lan batzuetan ingelesa eskatzen dutela, baina bertze batzuek euskara eskatzen dute, eta hutsune hori bete behar da.

Graduetako lehen mailan kredituen %25 egin daitezke euskaraz. Aurrera egin ahala, kopurua murrizten da. Hori orekatuko duzue? 

Ikasturte guztietan euskarazko ikasgairen bat eskaintzen saiatuko gara. Helburu errealista da. Euskarazko hiztegi teknikoa lantzeko ikasgai bat sortuko dugu, euskarazko ikerketa zientifikoa bultzatzeko.

NUPen euskaraz ikasi ezinik, 40 nafar joaten dira EHUra urtero. Neurririk hartuko duzue?

Baliabideak aztertu eta euskarazko irakasle plazak ateratzen saiatuko gara. Eskaera badator, eta ernatzeko ordua da.

 

«Finantzaketa akordioa da nire hautagaitzaren proiektu inportanteena»

Lau urtez Ikerketako errektoreorde izan ondotik erabaki du Gonzalok errektore izateko hauteskundeetara aurkeztea. Datozen bi legealdietan euskararen eskaintza egonkortu eta bermatuko dela pentsatzen du.


IÑIGO URIZ / FOKU

NUP sorreratik ezagutzen du Ramon Gonzalok (Logroño, Espainia, 1972). Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna da, eta katedraduna. Ikerketako errektoreordea izan da azken lau urteetan.

Zergatik erabaki duzu hauteskundeetara aurkeztea?

Alfonso Karlosenak ez aurkeztea erabaki zuenean sortu zen aukera. Ez da erabaki erraza, ardura handiko postua delako eta jende anitzen ordezkaria izan behar duzulako. Luze hausnartu ondotik erabaki nuen aurkeztea.

Nolako unibertsitatea nahi duzu?

Pertsonen unibertsitatea izatea nahi dut; inguruarekin harreman zuzena duena.

Unibertsitatearen finantzaketa bermatu zuen Karlosenak 2018an, gobernuarekin ituna sinatuta. Akordioa luzatzea da zure asmoa?

Nire hautagaitzaren proiekturik garrantzitsuena da. Beharrezkoa da epe ertainera egonkortasuna izateko. Finantzaketa akordiorik gabe, hori zaila da.

Errektore hautatzen bazaituzte, zeintzuk dira martxan jarri beharreko neurririk premiazkoenak?

Erabakirik premiazkoenak pertsonekin zerikusia dutenak dira. Irakasle eta ikerlarien egonkortze plan bat egin behar da, eta administrazioko eta zerbitzuetako langileekin giza kapitala lantzeko plana. Ikasleei dagokionez, parte hartzeko mekanismoak bultzatu behar dira.

Nola bultzatuko duzue parte hartzea? Errektoreorde zinela, tirabirak izan zenituzten ikasle talde batzuekin... 

Iraganeko kontua da hori. Hasi ginenean, ikasle talde bakarra zegoen; orain, zortzi daude. Ikasleen parte hartzea bultzatu dugu, eta bultzatzen jarraituko dugu. Unibertsitateak egiten duen guztia ikasleentzat da, eta beharrezkoa da harreman ona izatea.

Tentsioa iraganeko kontua da?

Espero dut baietz. Geroztik ez da bertze arazorik egon.

Berdintasun plan berri bat egitea proposatu duzu. Nolakoa izan behar du plan horrek?

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatu behar dugu. Kontuan hartu behar dugu anitzetan amatasun baimenekin edo eszedentziekin ikerlari zein langileen ibilbidea gelditzen dela, eta ebaluazioak egiteko orduan hori ere aintzat hartu behar da.

Gaur egungo ikasketa eskaintza moldatu behar da?

Orain arte graduak hazi dira, eta, orain, horiek egonkortu, eta masterretan jarri behar dugu arreta.

Euskara bultzatzeko plan bat egingo duzula diozu; zer neurri hartuko dituzu? 

Plana eginda dago, eta sustatu egin behar da. Euskarazko eskolak emateko, euskaraz irakats dezaketen profesionalak behar ditugu, eta, urte hauetan, kostatu zaigu horiek lortzea. Egia da euskaraz ikasten eta doktore tesiak egiten ari den jendea badagoela, eta saiatuko gara orain arteko zuloa jende horrekin betetzen. Hutsune hori beteko dugu, legealdi honetan ez bada, hurrengoan.

Graduetako lehen mailan, kredituen %25 egin daitezke euskaraz. Aurrera egin ahala, kopurua murrizten da. Orekatuko duzue?

Ingelesarekin eta euskararekin gauza bera gertatzen da. Maila igo ahala, aukerazko ikasgai gehiago daude, eta ikasleak talde txikitan banatzen dira. Baliabide anitz beharko lirateke horiek euskaraz emateko. Bertzela, hautazkotasuna gutxitu beharko litzateke. Gainera, maila igo ahala, ikasgaiak espezifikoagoak dira, eta zaila da irakasleak aurkitzea.

Urtero, 40 ikasle EHUra doaz, NUPen euskaraz ikasi ezinik. Zer egin daiteke?

EHUra zergatik joaten diren aztertu behar da: euskaragatik joaten diren edo benetan EHUn ikasi nahi dutelako. Lehen ikasturtean, 1.800 ikasle berri ditugu; proportzioan, %2 bakarrik dira EHUra joaten direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.