Venezuela

Harremanetarako Taldeak "misio" bat bidaliko du, "irtenbide demokratiko" bat lortzera

Taldea Costa Rican bildu da Venezuelako krisi politikoa aztertzeko. Federica Mogherini Europako Batzordeko presidenteordeak adierazi du irtenbideak "baketsua, demokratikoa eta inklusiboa" izan behar duela.

Feredica Mogherini Europako Batzordeko presidenteordea, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen bilkuraren osteko agerraldian. JEFFREY ARGUEDAS, EFE
2019ko maiatzaren 8a
12:52
Entzun

Hirugarren foroa egin du Harremanetarako Nazioarteko Taldeak astelehenean eta asteartean, Costa Rican, Venezuelako krisi politikoa aztertzeko. Foroaren ostean, taldeak jakinarazi du "goi mailako misio" bat bidaliko duela Caracasera, herrialdeak duen egoerari aterabide baketsu eta demokratikoa emateko.

Ez dute argitu misio hori nortzuk osatuko duten. Mogherinik azaldu du "konfidentzialtasuna" beharrezkoa dela uneotan. Haren esanetan, "taldea prest dago Caracasen goi mailako misio bat egiteko, krisiari irtenbide baketsu eta demokratiko bat emango dioten aukera zehatzak aurkeztu eta eztabaidatzeko".

Manuel Ventura Corta Ricako kantzilerrak aurreratu du konponbiderako proposamen horien oinarria presidentetzarako hauteskunde "sinesgarriak" egitea izango dela.

Mogherinik nabarmendu duenez, Venezuelako krisi politikorako irtenbidea venezolarrek eraiki behar dute, baina gaineratu du nazioarteko komunitateak egiteko garrantzitsua duela baldintza egokiak sortzeko, bakearen eta giza eskubideen nahiz estatu zuzenbidearen errespetuaren alde.

Bestalde, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak jakinarazi du lantalde bat osatu duela Caracasen, herritarrei giza laguntza emateko.

Horrez gain, taldeak bere jarrera politikoa berresteko baliatu du foroaren osteko adierazpena. Batetik, babesa agertu dio Venezuelako Asanblada Nazionalari, eta erakundea "herrialdeko bizitza politikoaren erdigune" dela adierazi du. Bestetik, gaitzetsi egin ditu "protesta eta iritzi politikoak kriminalizatzea helburu duten prozesu judizial kutsatuak", Asanbladako hainbat kideren kontrako auzibideei erreferentzia eginez. Gilber Caro diputatuaren "desagertze behartua" ere arbuiatu du, eta Venezuelako agintariei egokitu die haren segurtasuna bermatzeko ardura. Taldeak herritarren kontrako indarkeriaren erabilera ere salatu du, eta giza eskubideak eta protestarako eskubidea defendatzera deitu du.

Nazioarteko Harremanetarako Taldea osatzen dute Frantziak, Alemaniak, Italiak, Herbehereek, Portugalek, Espainiak, Suediak, Erresuma Batuak, Costa Ricak, Uruguaik, Ekuadorrek eta Boliviak. Boliviak ez du adierazpena izenpetu; taldean ekarpenak egitea erabaki zuen, baina haren adierazpenak ez ditu sinatu orain arte.

Venezuelan, tentsioak joan den asteartean jo zuen goia azkenekoz. Juan Guaido bere burua presidentetzat duen oposizioko kideak Maduroren kontra altxatzera deitu zituen militarrak, Leopoldo Lopez etxeko atxiloalditik askatu ondoren. Estatu kolpea ematen saiatzea leporatu zion Madurok Guaidori, eta ahaleginak porrot egin zuela ziurtatu zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.