Ekintzailetza

Gaztenpresak 415 enpresa eta 812 lanpostu sortzen lagundu du 2018an

Laboral Kutxaren enplegu fundazioak 5.300 enpresa eta 9.500 lanpostutik gora sortzen lagundu du 1994tik.

Artolazabal, Urgoiti eta Ramos, prentsaurrekoan, gaur, Bilbon. GAZTENPRESA
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 8a
07:47
Entzun

Iazko jardueraren emaitzak aurkeztu ditu Laboral Kutxaren Gaztenpresa enplegu fundazioak Bilbon gaur goizean. Fundazioko lehendakari Ibon Urgoitiren arabera, Gaztenpresari esker, 415 enpresa berri sortu ziren iaz, eta 812 pertsonak aurkitu zuten enplegua.

Lanpostu berrien garrantzia nabarmendu du Urgoitik: "Oraindik jende askok aurkitu behar du lan irtenbide duina; horregatik, Gaztenpresaren eginkizunak indarrean jarraitzen du". Zein den eginkizun hori? "Ideia on bat ere ez gelditzea enpresa bihurtu gabe, aholkularitzarik edo finantzaketarik ez izateagatik".

Urgoitik, gainera, Gaztenpresaren balio bereizgarria azaldu du, esanez ekintzailetzaren ziklo osoan laguntzen duela: bideragarritasun azterketan, negozio planean, tramiteetan, diru laguntzetan, finantzaketan eta finkapenean.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako sailburuak ere txalotu egin du Laboral Kutxaren enplegu fundazioaren lana: "Ekintzailetzak iraupen luzeko ahalegina eskatzen du, horregatik erakundeen, hezkuntzaren eta enpresaren alorretako eragile guztiok ekintzaileei laguntzen jarraitu behar dugu".

Ekintzailetzaren lau faseak

Halaber, Inma Ramosek, Gaztenpresako zuzendarik, fundazioaren lorpen eta erronka nagusien laburpena egin du, eta lau programa bereizi: sorrera, finantzaketa, finkapena eta Mentoring programa.

Sortzeari dagokionez, azaldu du 1994az geroztik fundazioak 5.325 enpresa sortzen lagundu duela, eta enpresa horien bidez 9.566 lanpostu sortu direla.

Finantzaketari dagokionez, esplikatu du 2018an 13,5 milioi euroren maileguak eman dituela, eta 2018ra arteko maileguen kopuru metatua 152 milioi euro dela. Bestalde, 2018ko datuen arabera, enpresa berriak abian jartzeko egindako batez besteko inbertsioa 70.452 euro izan da. "Zenbatekoen erdia ekintzaileen baliabide propioen bidez bete da, eta gainerakoa, banku finantzaketaren bidez".

Negozioa finkatzeari dagokionez, Gaztenpresaren Consulting pro zerbitzuak 432 kontsulta artatu ditu, eta urte osoan 75 tailer eta mintegi antolatu ditu, eta 850 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute horietan.

Laugarrenik, Mentoring programak 27 harreman formal ezarri ditu 2018an. Programa horren bidez, Gaztenpresak plan pertsonalizatua finkatzen du laguntza behar duten proiektuei laguntzeko. "Ekintzailetzan eta enpresa kudeaketan esperientzia duen profesional aditu batek lagundu, egiaztatu eta erabakiak hartzeko indarra ematen dio ekintzaileari bere kudeaketa trebetasunak hobetzeko".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.