Pentsioak

Lanaldi partzialekoen pentsio kalkulua ezbaian, sexu bazterketa dela eta

EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiako araudia legez kanpokoa dela, frogatzen bada emakumeak baztertzen dituela "zeharka" bada ere.

LABen protesta, artxiboko irudibatean, salatuz Gizarte Segurantzak lanaldi partzialeko emakume langileak diskriminatzen dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 8a
07:14
Entzun

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi du Espainiako araudia, lanaldi partziala daukaten langileen pentsiorako kalkulua erregulatzen duena, legez kanpokoa dela, baldin eta frogatzen bada «bereziki kaltegarria» dela kalkulu hori emakumeentzat. Sexu diskriminazioaz ohartarazi du Luxenburgoko epaitegiak, eta badaude zantzuak irakurktea hori babesteko; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esate baterako, lanaldi partzialen %80 emakumeek egiten dituzte, Emakundek 2016. urtean egindako diagnostikoaren arabera. Dena dela, legediak sexu diskriminazioa dakarren ala ez erabakitzea Espainiako Justiziaren esku laga du Luxenburgok: zehazki, Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiaren esku.

Espainiako auzitegi horrek egindako galdera bati erantzunez eman du ebazpena, gaur, EBko Auzitegi Nagusiak. Gaztela eta Leongo herritar batek inpugnatu egin zuen Gizarte Segurantzak bere pentsioa zehazteko egindako kalkulua; epaitegira jo zuen, argudiatuz zeharkako sexu diskriminazio kasu bat zela berea, lanaldi partziala duten langileek eta lanaldi osoko langileek tratu ezberdina jasotzen dutelako pentsioaren kalkulua egiterakoan, eta lanaldi partzialean diharduten behargin gehienak emakumeak direla.

Azken hitza, Gaztela eta Leonek
Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen salatzailearen argudioa, aitortuz Espainiako legediak zeharkako sexu diskriminazioa dakarrela emakumeen kaltetan. INEren 2017ko datuen arabera, emakumeak ziren Espainian lanaldi partziala zeukaten langileen %75. Nolanahi ere, auzitegiak Luxenburgora igorri zuen kontsulta.

Pilota berriz ere Gaztela eta Leongo auzitegiaren gainean jarri du Luxenburgok, adieraziz hari dagokiola ebaztea ea zeharkako sexu diskriminaziorik badagoen ala ez. Edonola ere, EBren irizpideak argi utzi dizkio: legez kontrakoa da «itxura batean neutroa dirudien irizpide batek» sexu jakin bateko pertsonak desabantaila egoeran uztea. Eta zehaztu du, desabantaila egoera hori gertatzen dela «araudi batek proportzionalki nabarmen gehiago kaltetzen dituenean sexu jakin bateko pertsonak».

EBren irizpide argiak
Luxenburgoko auzitegiak gogora ekarri du araudiaren helburua sistema kontributiboan oinarritutako gizarte segurantza bermatzea dela; beraz, kalkulua egiterakoan lanaldiaren partzialtasuna aintzat hartuta erretiro pentsioa «behar baino gehiago murriztea» ezingo da «objektiboki justifikatu».

Zuzeneko zein zeharkako sexu diskriminazioa detektatzeko irizpideak zeintzuk diren azaldu eta gero, Luxenburgoko auzitegiak uste du Gaztela eta Leongoari dagokiola ebaztea ea «balekoak, adierazgarriak eta esanguratsuak» diren errekurtsoa aurkeztu duen herritarrak aurkeztutako datu estatistikoak, zeintzuek erakusten baitute zein proportziotan ari diren lanaldi partzialean gizonezkoak eta emakumeak.

Luxenburgok gaineratu du Gaztela eta Leongo auzitegiak ondorioztatzen badu Espainiako legediak emakumeak diskriminatzen dituela EBko araudiaren aurkakotzat jo beharko duela, «baldin eta ez badago objektiboki justifikatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.