Europako bozak

Ciudadanosek Konstituzionalera eraman du Puigdemonten hautagaitza

Helegitea jarri du Madrilgo epaitegi batek hartutako erabakiaren aurka. Carles Puigdemont, Antoni Comin, eta Clara Ponsati erbesteratuek Europako bozetara aurkezteko eskubidea dutela ebatzi zuen epaitegiak.

Ponsati, Anwar, Puigdemont eta Comin, gaur, Schengenen. LARA MALVESí, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko maiatzaren 8a
18:34
Entzun

Madrilgo epaitegi batean eta Espainiako Auzitegi Gorenean aztertu dute dagoeneko Carles Puigdemont, Antoni Comin, eta Clara Ponsati erbesteratu eta JxC Junts Per Catalunyako hautagaien auzia, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo du orain Ciudadanos alderdiak. Madrilgo epaitegi batek ebatzi zuen hiru hautagaiek eskubidea dutela Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko, Hauteskunde Batzordeak esandakoaren aurka. Ez dago konforme Albert Riveraren alderdia. Helegitean argudiatu dutenez, Espainiako Konstituzioaren 14. eta 24. artikuluak urratzen ditu ebazpenak; hurrenez hurren, berdintasunerako eskubidea eta zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea. Bihar gauerdian hasiko da hauteskunde kanpaina, eta ordurako erabakiren bat hartu beharko luke Konstituzionalak.

PPko Pablo Casadok ere iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalera jotzeko asmoa, baina aurreratu egin zaio Ciudadanos. Alderdiko kideek berri agentzietan argudiatu dute "onartezina" dela "justiziari ihes egin dion eta Espainiaren aurka lan egiten duen gizon batek pribilegioak izatea eta gure herrialdea ordezkatzea". Erantsi dutenez, "lotsagarria da espainiarrek diru publikotik Puigdemonti soldata ordaindu beharra, estatu kolpe bat eman ondoren".

Ciudadanos eta PP alderdien inpugnazio bat partzialki onartuz, Espainiako Hauteskunde Batzordeak debekatu egin zituen Puigdemonten, Cominen eta Ponsatiren hautagaitzak. Administrazioarekiko auzietarako Madrilgo epaitegi batek, ordea, bertan behera utzi zuen erabakia; epaileek argudiatu zuten, nahiz eta hautagaiak "ihesean" egon, ez dagoela arrazoirik haien hautagaitza debekatzeko.

Goizean, Schengen hirian (Luxenburgo) agerraldi bat egin dute Puigdemontek, Cominek eta Ponsatik, Aamer Anwar abokatuarekin batera. JxC-k gaur aurkeztu du Europako bozetarako kanpaina, Persistim i guanyarem (Jarraituko dugu eta irabaziko dugu) lelopean. Azaldu dutenez, ekitaldiak egingo dituzte, besteak beste, Eslovenian, Alemanian, Erresuma Batuan eta Belgikan. Madrilen ere egingo dute ekitaldi bat, baina erbesteratuek ezingo dute fisikoki parte hartu.

Preso hautetsiak askatzeko eskatu dute Gorenean

Madrilen, berriz, Oriol Junqueras, Josep Rull, Jordi Turull, Jordi Sanchez eta Raul Romeva askatzeko eskatu du buruzagi katalanen defentsak, Espainiako Auzitegi Gorenean. Kataluniako prozesuari lotutako epaiketa ari dira egiten han, eta badaezpadako kartzelaldian dituzte bostak. Joan den apirilaren 28ko hauteskundeetan, diputatu hautatu zituzten —Romevaren kasuan, senatari—, eta hori aintzat hartuta, bostak aske uzteko eskatu dute abokatuek.

Izan ere, maiatzaren 21ean egingo dituzte Espainiako Kongresua eta Senatua osatzeko saioak, eta hara joan ahal izateko, aske behar dutela argudiatu dute. Baita "aurrez aurrekoak diren aurreko zein ondorengo ekintzetarako ere". Epaimahaiak 24 orduko epea eman die aldeei beren argudioak aurkezteko, eta horiek jaso ondoren hartuko du erabakia.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.