Maravillas gaztetxea

Udazkenera arte atzeratu dute Maravillas gaztetxearen kontrako epaiketa

Gaztetxeko 22 kideren kontrako epaiketa 10:00etan hastekoa zen, baina epaiketa atzeratzea erabaki du epaileak. Usurpazio delitu arina leporatzen diete akusatuei, Rozalejo jauregia okupatzeagatik. Epaitegiaren atarian elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek, epaiketa salatzeko.

jarraia166120.jpg
2019ko maiatzaren 9a
15:36
Entzun

Gaur hastekoa zen Maravillas gaztetxeko 22 kideren kontrako epaiketa Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegian, baina epaiketa atzeratzea erabaki du epaileak, defentsa abokatuaren eskaria aintzat hartuta. Nafarroako Gobernuak txosten bat aurkeztu du Rozalejo jauregiak izan dituen kalteen inguruan. Gazteen abokatuak denbora eskatu dute txostena aztertzeko, eta epaileak epaiketa atzeratu du. Horrenbestez, urrian edo azaroan hasiko da.

Akusatutako 22 gazteak 09:45 aldera iritsi dira epaitegira, eta txalo artean hartu dituzte 09:00etatik elkarretaratzean bilduta zeuden dozenaka lagunek, Justizia Jauregiaren atarian. Epaiketa guztien gainetik, Maravillas herriarentzat lelopean, gaztetxeko kideen kontrako epaiketa salatu dute.

Elkarretaratzean, akusatuak aske uzteko eskatu du gaztetxeko bozeramaile batek. Nabarmendu du gazteek ez zutela zilegitasunik gabeko ezertxo ere egin. "Protesta gisa gelditu ziren eraikinaren barruan", adierazi du. Haren esanetan, akusatuek gazteriaren eta Alde Zaharraren kontrako "eraso" bat salatzeko protesta egin zuten.

Kantuan ere gaitzetsi dute 22 gazteen kontrako epaiketa.

Epaiketa Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegian izango da, eta sei foruzaingoren deklarazioekin hasiko da. Ondoren, auzipetuek galderei erantzungo diete, eta, azkenik, lekuko gisa deklaratuko dute Nafarroako Gobernuko Ondare Zerbitzuko zuzendariak eta zerbitzu bereko hiru teknikarik.

Akusatuek eskatu zuten lekuko gisa deklara dezatela Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politika kontseilari Mikel Aranburuk eta Foruzaingoko buruak ere, baina epaileak baztertu egin zuen eskari hori. Kontseilariari dagokionez, epaileak argudiatu zuen haren lekukotzak ez diola ezer berririk gehituko Ondare Zerbitzuko zuzendariak eta teknikariek eskain dezaketenari. Foruzaingoaren buruaren kasuan, berriz, adierazi zuen eraikin barruan egin ziren ustezko lanen berri ematea baino ez zela izan bere esku hartzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.