Kultur Ondarearen Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Talde guztien babesarekin onartu dute, PPrena salbu. Legearen helburua da ondarearen babeserako kudeaketa hobetzea eta ondare immaterialari balioa aitortzea. Neurriak aurreikusten du hainbat kultur adierazpen tradizional, ondare industriala eta emakumeen iruditeria babestea.

Orconerako kargalekua, Barakaldon (Bizkaia). BARAKALDOKO UDALA
2019ko maiatzaren 9a
19:10
Entzun

Eusko Legebiltzarrak babes zabalarekin onartu du Kultur Ondare Lege berria. EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alde agertu dira, eta PP izan da legea babestu ez duen talde bakarra, zenbait artikuluren alde bozkatu badu ere. Lege berriak 1990. urtean onartutakoa ordezkatuko du. Eusko Jaurlaritzak 2017an onartu zuen lege proiektua, eta, ia bi urteko tramitearen ondoren, gaur onartu du legebiltzarrak.

Legearen helburua da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultur ondarea babestea, eta, ondare materialaren kontserbaziorako neurriak jasotzeaz gain, ondare immateriala babesteko neurriak ere zehazten ditu. Hala, besteak beste, euskal kulturarekin lotutako ahozko tradizioak, erritualak, artisau teknikak, bertsolaritza, musika, dantza, gastronomia eta kirola babesteko urratsak biltzen ditu.

Horiez gain, ondare industrialari balioa aitortzeko helburua ere jasotzen du lege berriak. XX. mendean industrialdeetan sortu ziren lan molde, eraikin berezi eta tokiak babestea aurreikusten du, eta horiek euskal identitatearen parte direla nabarmendu.

Bestalde, historikoki gutxietsiak izan diren talde sozialen baliabideak, oinordetzari eta jakintzari egiten dio erreferentzia legeak; esaterako, emakumeek garatutakoari. Legearen arabera, ondarearen kontzeptu barneratzailea ezarriko da, "iruditeria femeninoaren zentzuak eta esanahiak eraikitzen lagunduko duena, kultur balio gisa".

Finantzaketari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek ondarearen babesera bideratu beharko dute obra publikoetara bideratzen den diru kopuruaren %1 beste, gutxienez.

Halaber, legeak aurreikusten du Eusko Jaurlaritza eta aldundiak elkarlanean aritzea Nafarroako Gobernuarekin eta Euskal Elkargoarekin, ondarea babesteari dagokionez.

Zigorrak ere zehazten ditu: urratze arinetarako 100.000 euro arteko isunak, urratze larrietarako 250.000 euro artekoak eta urratze oso larrietarako milioi bat eurorainokoak.

Euskal Kultur Ondarearen Kontseilua eratu beharko dute erakundeek legea garatzeko orduan. Kontseiluak aholkulari funtzioa beteko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.