Lee Cronin irlandarraren ‘The Hole in the Ground’ filmak jaso du Fanteko film luze onenaren saria

Film labur onenaren saria eskuratu du Carlos Baenaren ‘La Noria’ animaziozko pelikulak eta Euskal laburren artean Diego H. Kataryniuken ‘Amargo era el postre’ filma gailendu da, epaimahaikide zein publikoaren iritziz.

jarraia166128.jpg
Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko maiatzaren 9a
14:00
Entzun

“ Zuzendaritza eta gidoiaren arteko uztarketa bikainagatik, eta protagonista konplexu baten gidaritza egokiaren bitartez ikuslea 90 minutuz airean mantentzeko gaitasuna erakusteagatik”. Diana Peñalverek, Bilboko zinema fantastikoko Fant jaialdiko epaimahaiaren izenean, aurtengo film luzearen irabazlearen berri eman du. Epaimahaikideen ustetan, Lee Cronin zinemagile irlandarraren The Hole in the Ground izan da sail ofizialean lehiatu diren hamazortzi filmen artean onena. Teknikoki eta artistikoki ikus entzunezko “borobila” dela azaldu du Rocio Morenok eta gidoian jarri du arreta Gary Sherman hirugarren epaimahikideak. “Gidoia harrigarria da, oso ondo idatzita dago. Zuzendaria gai izan da ama eta seme baten arteko istorio lazgarria erreproduzitzeko”. Croninen lehen pelikula dela azpimarratu dute hirurek.

Sail ofizialean, film laburrak ere saritu dituzte. Carlos Baena zuzendariaren La Noria gailendu da film laburren artean, eta Euskal Film Laburrik Onena, berriz, Amargo era el postre izan da, epaimahaiaren zein publikoaren iritziz. “ Hein batean ikusleen faboritoa zein izango zen aurreikusi dugu”, dio Shermanek. Eta Peñalverrek erabakia arrazoitu du: “Zuzendaritza, gidoia, arte zein argazki zuzendaritza era bikainean uztartzeagatik eta suspentse probokatzailez beteriko istorioa kontatzeagatik”. Sari banaketa bihar egingo dute 20:00etan Guggenheim Bilbao Museoaren auditorioan, Quentin Dupieuxen Au Poste! filmaren proiekzioarekin batera.

Aukeraketaren zailtasuna nabarmendu dute, eta erabakien atzeko hika miken berri ere eman dute. "Bakoitzak bere gogoena zuen eta erabakia hartzea ez da lan makala izan", dio Peñalverek. Azkenean jaialdia beraren adierazle den zein genero fantastikoaren baldintzak hobekien betetzen dituenaren alde egin dute, hiru zerrenden artean komunak ziren pelikulak hautatuta.

Bestelako aipamenak

Epaimahaikideek eta jaialdiko zuzendariak film guztien kalitatea azpimarratu dute eta beste zenbait aipamen berezi egin ditu Justo Ezenarro zuzendariak. Panorama izeneko atalean, adibidez, Alvaro Pitaren Escombros lanak irabazi du Film Luzerik Onenarena saria (2.250 euro), eta Marion Renarden Switch izendatu dute laburrik onena (1.500). Gidoi onenaren saria, bestalde, Jon Mikel Caballeroren El increible finde menguante filmak jaso du Euskal Gidoilarien Elkartearen eskutik. Zuzendaritza berritzailearen saria ere jaso du Caballerok. Eta, bide batez, aparteko aipamena egin diote Shin’chihirô Ueda zinemagile japoniarraren One Cut of The Death filmari.

Larunbatean proiektatuko dituzte film irabazleak Bilboko BBK aretoan; 18:00etan Panorama Fantastikoa sailekoak eta 20:00etan sail ofizialari dagozkionak.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.