Literatura

Jekyll eta Hyde euskarara ekarri dituzte

Koro Navarrok itzuli du Robert Louis Stevensonen Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia. Abentura, misterioa, nobela gotikoa eta psikiatria nahasten ditu Europako literaturako lan klasikoak.

Robert Louis Stevenson. BERRIA
Andoni Imaz.
2019ko maiatzaren 9a
17:15
Entzun

Pertsona bat modu batekoa da egunez, eta bestelakoa gauez. Ez da istorio baterako gai arrotza, baina Europako literaturaren klasiko bat idatzi zen horren inguruan. "Hain garrantzitsuak dira Stevensonen liburuak, eguneroko elkarrizketetan ere sartu baitira", Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen hitzetan. Gaur aurkeztu dute Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia nobela, jatorrizko liburua argitaratu eta 133 urtera. Koro Navarrok ondu du eleberriaren euskarazko hirugarren itzulpena; "momentu bakoitzak behar du berea".

1886. urtean eman zuen argitara Robert Louis Stevensonek (Edinburgo, 1850 - Upolu, Samoa, 1894) Strange Case of Dr. Jekyll & Mr. Hyde, "oso lan garrantzitsua haren obran eta Europako literaturan", Mujikaren hitzetan. Piraten istorioek eta abentura nobelek egin zuten ezagun Stevenson; liburu hori "rara avis" da idazlearen lanean, eta gehien itzuli denetako bat bilakatu da denborarekin.

Duela urte asko, umezain lanetan zebilela irakurri zuen aurrenekoz Navarrok Strange Case of Dr. Jekyll & Mr. Hyde. Ingelesa ikasten ari zen, eta "liburu egokitua" hartu zuen horregatik: "Ez dut batere gomendatzen, jatorrizkoa irakurri behar da. Hasieran ulertzen ez baduzu, ulertuko duzu geroago". Zaintzen zuen umea "oso polita" zen, zintzoa, baina 2 urte betetakoan, "kasketa beldurgarriak" hartzen hasi zen, jendaurrean zalaparta sortzen. "Hau da!" esan zuen Navarrok: "Orduan ulertu nuen nobela: denok daukagu alde iluna".

"Modernotasuna" da itzultzaileak nabarmendu duen ezaugarria, "gaian zein idazkeran". Irakurketa bezain beste gai antzematen dizkio nobelari Navarrok: abentura, misterioa, nobela gotikoa, psikiatria, psikoanalisia... "Freudek ez zuen hobeto idatziko". Homosexualitatea ere etorri zitzaion gogora irakurraldi batean: "Pistak daude denerako, bakoitzak nahi duena ateratzen du".

Atzekoz aurrera kontatuta dagoen arren, suspensea mantentzen du Navarrorentzat: "Bukaera badakigu, baina jakin nahi dugu nola gertatu den". Idazkera, narrazioaren egitura, erritmoa eta hitzak berak ere "oso modernoak" dira itzultzailearen ikuspuntutik.

Erein argitaletxearen 4na saileko laugarren liburua da Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia. "Liburu lagunak" nahi dituzte sailean, Mujikaren hitzetan, eta literatura unibertsaleko erreferentziazko lanak argitaratu dituzte orain arte: Franz Kafkaren Metamorfosia, Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea eta Albert Camusen Arrotza.

Stevenson idazlean aditu batek esan zuen "oker bat izan dela pentsatzea haren liburuak umeentzako direla", Navarrok aurkezpenean kontatu duenez. Helduentzako liburuak direla nabarmendu du, edo adin batetik aurrerako gazteentzat. "Jende gazteari" zuzendu nahi dio Ereinek 4nak saila, DBH eta batxilergoko ikasleek eskolan irakurtzeko modukoak iruditzen zaizkielako.

Hizkuntza askora itzuli da nobela, eta hau da euskarara ekarri den hirugarren aldia. Aurretik, Xabier Galarragak idatzi zuen Dr. Jekill eta Mr. Hyde (Txertoa, 1990), eta Xabier Galarretak, Jekyll Dk. eta Hyde Jn. (Hiria, 2004). Liburuan oinarritutako bertsio ugari egin dira bestela: antzerki lanak, pelikulak eta marrazki bizidunak. Filmen artean ezagunenak dira Rouben Mamoulianena (1931) eta Victor Flemingena (1941).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.