Osasuna

Akitania Berriko Osasun Agentziak 40 elgorri kasu atzeman ditu

Baionako xingarraren azokan egondako pertsonak dira dena; erietxean dira gaixoetako batzuk

Baionako xingar feria, iazko martxoan. ISABELLE MIQUELESTORENA
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 9a
20:35
Entzun

ARS Akitania Berriko Osasun Agentziak esan du gaixo guztiek ezaugarri komuna dutela: denak egon ziren Baionan apirilaren 18tik 21era egin zen xingarraren azokan. Feria aski jendetsua izaten da; 200.000 lagun inguru batzen ditu, eta jendetzak gaixotasunaren zabalkundea erraztu zuela uste dute osasun agintariek. Eritasunaren ondorioz, lau lagun Baionako erietxean daudela jakinarazi dute. Ipar Euskal Herrian bezalaxe, departamenduko beste hainbat lekutan ere agertu dira eritutako pertsonak. Kasuon berri eman, eta txertaketaren gaineko garrantziaz ohartarazi du osasun agentziak.

Elgorria gaixotasun infekziosoa da. Bizitzan zehar behin bakarrik jasan daiteke, eritasuna pasatutakoan betiko immunitatea garatzen baita. Sintoma ohikoa du sukarra, eta aurrerago gorputz osoan zabaltzen diren orbanak. Oso erraz kutsatzen da. Hego Euskal Herriko osasun agintariak ere hainbat elgorri kasuren berri ematen ari dira azkenaldian. Esaterako, urtea hasi denetik zazpi kasu izan direla onartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azken kasuan gaur bertan baieztatu du; Araban atzeman dute. Kasu honen kutsatzea, hala ere, beste autonomia erkidego batean jazo zela esan dute. Jaurlaritzak ere gogorarazi du txertaketa oso garrantzitsua dela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.