Unibertsitatea

NUPi medikuntza ikasketak eskaintzeko baimena eman dio Espainiako Hezkuntza Ministerioak

Nafarroako Gobernuaren oniritzia behar du orain medikuntza eskaintza abian jartzeko. Datorren ikasturterako jarri nahi du martxan. 60 leku eskainiko ditu. Uxue Barkos Nafarroako lehendakariaren esanetan, "asmo handiko" proiektua da.

NUPeko ikasle talde bat, Arrosadiako campusean. Artxiboko irudia. IDOIA ZABALETA, FOKU
2019ko maiatzaren 10a
15:39
Entzun

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak gertuago du medikuntza ikasketak eskaini ahal izateko helburua. Espainiako Hezkuntza Ministerioak horretarako baimena eman zion, atzo; unibertsitateak errektore berria aukeratu duen egun berean. Medikuntza ikasketak eskaini ahal izateko, NUPen proposamenari oniritzia eman behar dio Espainiako Unibertsitate Kontseiluak, Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren menpeko denak, eta, ondoren, Nafarroako Gobernuaren baimena ere jaso behar du. Ez dirudi hori traba izango denik, Uxue Barkosen gobernuak hainbatetan eskatu baitu NUPen medikuntza ikasketak abian jartzea. Baimena hurrengo asteko gobernu bilkuran ematea espero da.

NUPen Gobernu Kontseiluak joan den astean erabaki zuen medikuntza graduaren ikasketa plana jasotzen duen txostena bidaltzea Unibertsitate Kontseilura ANECA Kalitate eta Akreditazio Ebaluaziorako Agentzia Nazionalak azter zezan. Hark balekoa eman zuen atzo, eta Unibertsitate Kontseiluak onartu behar du orain.

Unibertsitate Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuaren oniritziarekin, NUPek datorren ikasturtean jarriko lituzke martxan medikuntza ikasketak. 60 lekurekin hasiko du gradu berria, eta gaztelaniaz eskainiko du.

Medikuntza fakultaterako eraikina oraindik amaitu gabe dagoenez, oraingoz, Erizaintza fakultatean hasiko dira medikuntza eskolak ematen. Medikuntza fakultate berria irekitzeko bi urte beharko direla aurreikusten dute.

"Asmo handiko" proiektua

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak garrantzia aitortu dio NUPek 2019-2020 ikasturtean medikuntza gradua eskaintzeko aukerari. Haren esanetan, "asmo handiko" proiektua da. "Lan zurrunbilotsua izan da, garrantzitsua eta asmo handikoa, Nafarroarengatik anbizioz lan egitearen beste adibide bat". Barkosek gaineratu du jarrera berarekin jarraituko dutela lanean Nafarroak trafiko eskumena lor dezan. Nabarmendu du helburu hori legealdia amaitu aurretik lortzeko garaiz dela oraindik, baina hurrengo legealdian izan beharko balu ere ez duela etsiko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.