Donostiako Zinemaldia

Penelope Cruzek Donostia saria jasoko du

Donostiako 67. Zinemaldiak gaur goizean aurkeztu ditu aurtengo ekitaldia eta kartel ofizial guztiak.

Penelope Cruzek jasoko du Donostia Saria. EFE
Berria
2019ko maiatzaren 10a
14:21
Entzun

Penelope Cruz aktore espainiarrak (Madril, 1974) egindako ibilbidea sarituko du aurten Donostiako Zinemaldiak, eta hari emango dio Donostia saria. Gaur goizean Donostiako Tabakaleran egindako agerraldiian jakinarazi du erabakia Jose Luis Rebordinos zinemaldiko zuzendariak. Hain zuzen ere, jaialdiaren kartel ofizialak berak Cruz izango du protagonista. Donostiako Zinemaldia irailaren 20tik 28ra egingo da.

Penelope Cruz 90eko hamarkadaren hasieran egin zen ezagun, Bigas Lunaren Jamón Jamón (1992) eta Fernando Truebaren Belle Époque (1992) filmekin. Gerora, hamaika pelikulatan egin du lan, hala Espainian nola AEBetan. Pedro Almodovar zinemagilearekin aritu da askotan (Carne trémula, 1997; Todo sobre mi madre, 1999; Volver, 2006: Los abrazos rotos, 2009; Dolor y gloria, 2018...). Film horrekin, Cannesko Zinemaldian lehiatuko da datorren astean bertan.

90eko hamarkadan hainbat film arrakastatsu egin zituen Espainian, eta horrek AEBetara jauzi egiteko aukera eman zion.

2000. urtean, All The Pretty Horses-en aritu zen Nicholas Cage eta Matt Damon aktoreekin eta Billy Bob Thorntonen aginduetara, baita Vanilla Sky (Cameron Crowe) eta Blow filmetan ere (Ted Demme).

2007an, Woody Allenekin egin zuen lan, aurrenekoz, Vicky Cristina Barcelona-n, eta 2012an berriro aritu ziren elkarrekin To Rome with Love filmarekin.

Honako hauek ditu azken lanetako batzuk: Loving Pablo (Fernando Leon de Aranoa, 2017), Murder on The Orient Express (Kenneth Branagh, 2017), Todos los saben (Asghar Farhadi, 2018) eta Dolor y gloria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.