Klima aldaketa

Klima larrialdia deklaratu duen bigarren herrialdea da Irlanda, Erresuma Batuaren atzetik

Irlandako parlamentuak klima larrialdia deklaratzeko mozio bat onartu du, Fianna Fail oposizioko alderdi nagusiaren ekimenez. Neurriak gobernuaren eta parlamentuko gainerako alderdien babesa jaso du.

'Fridays For Future' [Etorkizunerako Ostiralak] mugimenduaren protesta bat. ELLEN SMITH, EFE
2019ko maiatzaren 10a
19:23
Entzun

Erresuma Batuak hasitako bideari jarraitu dio Irlandak, eta hark ere klima larrialdia deklaratu du, gaur. Klima aldaketari buruzko txosten baten harira, larrialdi egoera deklaratzeko mozioa aurkeztu du Fianna Fail oposizioko alderdi nagusiak, eta parlamentuak aho batez onartu du. Irlandako Gobernua ere neurriaren alde agertu da.

Klima aldaketarako ministro Richard Brutonek nabarmendu du klima aldaketa dela gizadiak duen "erronkarik handiena". Ohartarazi duenez, "hondatzearen azken puntura" iristen ari gara. "Dena oso azkar hondatuko da berehala esku hartzen ez badugu, aukeraren leihoa ixten ari baita".

Brutonek adierazi du klima aldaketari buruzko eztabaida ikasleen manifestazioei esker berpiztu dela mundu osoan. Protesta horietan, berehalako neurriak hartzeko eskatu diete herrialdeetako agintariei.

Etorkizunerako Ostiralak mugimenduaren bultzatzaile da Greta Thunberg 16 urteko ekintzaile suediarra, eta goraipatu egin du Irlandako Parlamentuaren erabakia. "Albiste zoragarriak Irlandatik! Nor da hurrengoa?", galdetu du bere Twitter kontuan. Oharra ere bidali die Irlandako agintariei. "Eta gogoratu: klima larrialdiak esan nahi du erregai fosilak lur azpian uztea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.