Indarkeria matxista

Preso dago gizon bat bere sendiko bi neska adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Getxon lehengo astean andre batek jarritako salaketan izan du kasuak iturburua; alaba baten aurkako erasoa salatu zuen, eta ikerketek agerian utzi dute beste alaba batena ere.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat, Getxon. Artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
arantxa iraola
2019ko maiatzaren 10a
10:53
Entzun

Maiatzaren 2an ertzainengana jo zuen andre batek, Getxoko komisariara (Bizkaia); bere alaba adingabeari familiako gizon batek sexu erasoak egiten zizkiola salatu zuen. Ertzainen arabera, berehala hasi zituzten ikerketak, eta aurretik andre horren beste alaba bati ere gizonak egindako erasoen berri izan zuten. Alaba hori adin nagusikoa da gaur egun, baina gizon horrek erasoak egin zizkionean adingabea zela kontatu du. Orain eman du gertaeren berri; erasoak pairatu zituen garaian gizonak mehatxatu egiten zuela adierazi du, eta ez zuela izan erarik gertatzen ari zena ingurukoei azaltzeko.

Lekukotasunak jaso, eta salatutako gizon atzo goizean atxilotu zuten poliziek. 44 urte ditu. Epailearen aurrean deklaratu du, eta kartzelara eramateko agindu du hark. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, sexu erasoa eta abusua, biak egotzi dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.