Kontseiluak Nafarroako hizkuntza politika garatzeko 15 proposamen egin ditu

Etorkizunean "erantzukizunez" jokatzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du. Aurrekontu osoaren %2 euskararen normalizaziora bideratzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Agerraldian Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta hainbat herritarrek parte hartu dute. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2019ko maiatzaren 11
08:50
Entzun

Nafarroako Gobernuak azken lau urteetan euskararen arloan egindako urratsen inguruko balorazioa egin du Kontseiluak gaur goizean egindako agerraldian. Euskalgintzari ateak zabaldu dizkietela nabarmendu du, eta horri esker, hainbat proiektu garatu eta beste batzuk abian jarri direla. Hala ere, iraganeko inertzia batzuek bere horretan jarraitzen dutela salatu du. Kontseiluak urte hauetan "erantzukizunez" jokatu duela esan dute: aldaketa ahalbidetzearen aldeko apustua eginez, eta gobernuak hartzen zituen erabakiak babestuz.

Aurrera begira hizkuntza politika garatzeko hamabost proposamen ere egin dituzte, eta horietako bakoitzean hainbat neurri zehaztu dituzte. Horien artean, eskatu dute hizkuntza politika gobernuaren politiken "zehar-lerro" izatea. Era berean, herritarren eskubideak bermatzea administrazioaren betebehar bat izan dadila eskatu dute, eta administrazioa euskalduntzeko, euskararen erabilera arautzeko dekretua eguneratzea proposatu dute. Gainera, gobernuaren aurrekontu orokorraren %2 hizkuntza politikarako jartzeko eskatu dute.

Bestalde, Kontseiluak premiazkoa ikusten du egungo "arkitektura juridikoa" aldatzea eta Euskararen Lege berria onartzea. Era berean, beharrezkotzat jo du euskalgintzak instituzioen babesa jasotzea.

Hezkuntzaren arloan, beharrezkoak diren moldaketak egin ditzatela eta behar besteko baliabideak eskaini ditzatela proposatu diote administrazioari, ikasle guztiek euskararen jabe izan daitezen. Unibertsitate eta lanbide heziketa zikloetan, gainera, eskaintza osoaren %60, gutxienez, euskaraz izatea galdegin dute. Helduen euskalduntzearen sektorea indartzeko, bestalde, doakotasunerako bidean egin diren proposamenak indartzea proposatu dute, horretarako beharrezkoa izango den plangintza ekonomikoa eginez eta sektorea berrantolatuz, besteak beste.

Bestalde, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko hainbat neurri zehaztu dituzte: kontsumitzaile euskaldunei eskubideak legez aitortzea, instituzioei zerbitzuak eskaintzen dizkieten enpresa eta elkarteei hizkuntza irizpideak ezartzea, instituzioen kontratazioetan hizkuntza klausulak ezartzea eta euskara planak sustatzea.

Euskarazko hedabideak babestearen eta bultzatzearen garrantzia ere nabarmendu dute. Hartu beharreko neurrien artean jarri dituzte finantzaketaren hobekuntza, gobernuaren eta sektorearen arteko lankidetza sustatzea, finantzatuak diren hedabideei hizkuntza-kuotak jartzea... Azkenik, euskarazko kultur sistema sustatzeko eta aisialdia euskalduntzeko neurriak zehaztu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.